Politika -
Parot doktrina
Mobilizazioak astelehenean, 'Parot doktrina' indargabetzea eskatzeko
Europako Giza Eskubideen Epaitegiak erabaki bat hartu behar du astelehenean. Ines del Rioren aldeko epaia berrestea eta 197/2006 doktrina "behin betiko bertan behera" uztea espero dute kolektiboek.
Erredakzioa
Eragile sozial eta politikoek elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte astelehenerako euskal hiriburuetan, Radio Euskadik jakitera eman duenez. Europako Giza Eskubideen Epaitegiak Parot doktrinari buruzko erabaki bat hartu behar du astelehenean.
Ines del Rioren aldeko epaia berrestea eta 197/2006 doktrina "behin betiko bertan behera" uztea espero dute kolektiboek. Hala ere, erabakia edozein izanda mobilizazio sozialera deitu dute eragileek.
EA, Aralar, Alternatiba, Sortu, Antikapitalistak, Gorripidea, Eusko Ekintza, Ezker Gogoa, LAB, STEE-EILAS, Ernai, Gazte AbertzaleaK, Etxerat, Esait, EPPK Bitartekaritza, Goldatu, Elkartea, Eusko Lurra Fundazioa, Plataforma vasca por la querella de Argentina, Bilgune Feminista, EHE, Bai Euskal Herriari eta Erabakiko ordezkariek agerraldia egin dute deialdiaren berri emateko.
Hala ere, "herriko gehiengoaren borondatean" konfiantza dutela adierazi dute. Salbuespen neurriak gainditzeko "gakoa ekintza soziala izango da, Europako epaitegiaren erabakia edozein izanda ere", erantsi dute.
"Giza eskubideei, konponbideari eta bakeari baietz esateko" kaleak hartzeko deia egin dute, eta baita "zigorra bete duten preso guztien berehalako askatasuna eskatzeko" ere.