Politika -
Eusko Alkartasuna
Prozesu soberanistari ekiteko eskua luzatu dio EAk EAJri
EAJren helburua Autonomia Estatua erreformatzea bada, "atzerapausoa" izango litzatekeela ohartarazi du Pello Urizarrek.
Erredakzioa
Pello Urizarrek eskua luzatu dio EAJri prozesu soberanista bat aurrera eramateko. Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak esan duenez, "EAJren helburua Autonomia Estatuaren erreforma soil bat bada, aukera horrek ez du etorkizunik izango".
EAk jardunaldi batzuk antolatu ditu Gasteizen eta bertan egin ditu adierazpenok Pello Urizarrek.
Iñigo Urkulluren Jaurlaritzak eta EAJk Katalunian abian jarri den prozesu soberanistaren aurrean "bertigoa" dutela esan du Urizarrek. "Guk, ordea, eredu horren alde egiten dugu, horrelako prozesuak gizartearekin batera egin behar direlako, eragile politikoen esku soilik utzi beharrean", azaldu du.
Horrenbestez, Autonomia Estatutuaren erreforma nahikoa ez dela ohartarazi dio Urizarrek EAJri. Aitzitik, EAJk prozesu soberanista bati ekin nahi badio, Eusko Alkartasuna eta EH Bildu ondoan izango dituela adierazi du.
Horrez gain, Urizarrek salatu du EAJk ez dituela bete duela urtebete hauteskunde-kanpaina agindu zituen aldarrikapenak.
"Jaurlaritza ez da gai izan bakarrik gobernatzeko eta, euskal gizartearen zoritxarrerako, PSE eta PP bezalako alderdiekin bat egitea erabaki du", kritikatu du itun fiskalari aipu eginez.
Amaitzeko, Aieteko Adierazpenak zehaztutako ibilbide-orria babestu du bakegintzan aurrera egiteko, "Espainiako Gobernuak trabak bakarrik jartzen baditu ere".