Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Iñaki Erro presoaren emaztea: 'Gobernuak ebazpena bete beharko du'

Errok 27 urte daramatza kartzelan, eta gaixo dago. 2009an aplikatu zioten 'Parot doktrina'. Estrasburgoko ebazpena oinarri, epaitegietako bideari ekingo dio orain haren abokatuak.

Idoia Mugika, irudiaren erdialdean, senarra kaleratzeko eskatuz emandako prentsaurreko batean.
Iñaki Erro presoa
Idoia Mugika, irudiaren erdialdean, senarra kaleratzeko eskatuz emandako prentsaurreko batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Espainiako Gobernuak ez du borondaterik, baina ebazpena (Estrasburgok atzo Parot doktrina indargabetzeko emandakoa) bete beharko du", adierazi du Idoia Mujika Iñaki Erro preso iruindarraren emazteak.

Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean agertu duenez, "pozik" hartu zuen atzo Europatik etorritako erabakia. Hala, zigorra beteta duten presoak "kalera irtetea" espero duela azpimarratu du Iñaki Erroren emazteak.

Kartzelan 27 urte daramatza Errok, eta gaixotasun larria du, "orain hobeto" dagoen arren. Duela hiru urte bete zituen zigorraren hiru laurdenak, baina urtebete lehenago, 2009an, aplikatu zioten Parot doktrina, eta, horren ondorioz, 2017ra arte egon beharko luke espetxean.

Emazteak elkarrizketan nabarmendu duenez, orain epaitegietako bidea hasteko prest daude presoaren abokatuak. "Beti izan naiz errealista gobernu honekin, ez dute espetxe politika aldatu eta ez dituzte giza eskubideak errespetatu; baina erabaki honekin, espero dut zigorra beteta duten presoak kalera ateratzea. Gobernu honek ez du borondaterik, baina ebazpena bete beharko du", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea