Politika -
Laster, aske
Del Rioren senide eta lagunak Coruñako espetxean daude, zain
Teixeiro kartzelara heldu dira eguerdian ETAko presoaren senide eta lagunak, libre geratzen denean harrera egiteko.
Erredakzioa
Ines del Rio ETAko presoaren 15 bat lagun eta senide Coruñako Teixeiro espetxera heldu dira eguerdian, aske geratzen denean harrera egiteko. Izan ere, litekeena da ordubeteren buruan egotea libre Del Rio.
Auzitegi Nazionaleko Zigor arloko osoko bilkurak goizean utzi du aske presoa, Estrasburgok atzo emandako ebazpenari jarraiki.
Auzitegiaren osoko bilkurako 17 epaileek aho batez erabaki dute kartzelatik ateratzea, eta Fiskaltzak ere aldeko iritzia emana zuen. Izan ere, Estrasburgoko epaiak ez zuen beste aukerarik ematen.
Del Rioren senitarteko eta lagunak hiru autotan atera dira, goizaldean, Tafalla eta Iruñetik eta eguerdian heldu dira Galiziara. Guardia Zibilaren zaintzapean, kazetari eta telebista kamerez josita dago espetxe ingurua.