Politika -
Aurrekontuak 2014
PPren gehiengo absolutuak oposizioaren 11 zuzenketak atzera bota ditu
Bi eguneko eztabaidaren ostean bozketa (aldeko 159 boto eta kontrako 182) egin dute Kongresuan. Oposizioak aurrekontuak errefusatu ditu, "kontinuistak" eta "irrealak" direlako.
Erredakzioa
2014ko Aurrekontu Orokorretako egitasmoari oposizioko taldeek aurkeztutako osoko hamaika zuzenketak atzera bota ditu gaur Diputatuen Kongresuak, PPren eta UPNko ordezkari bakarraren botoekin.
Bi eguneko eztabaidaren ostean bozketa (aldeko 159 boto eta kontrako 182) egin dute. Cristobal Montoro Hazienda ministroaren eta talde politiko ezberdinetako bozeramaileen artean eztabaida latza izan da Kongresuan. Oposizioak aurrekontuak errefusatu ditu, "kontinuistak" eta "irrealak" direlako, eta erkidegoekin "solidarioak ez" direlako.
Talde politikoei "erantzukizuna eta konpromisoa" eskatu die Montorok, "herritarrek konfiantzaren mezua babesteko eskatzen digutelako". Baina ministroak ez du PSOE, CiU, Izquierda Plural, UPyD, EAJ, eta, talde mistoaren barruan, Amaiur, BNG, Coalicion Canaria, ERC, Compromis eta Geroa Bairen osoko zuzenketak kentzea lortu.
Montororen hitzetan, "herstura ekonomikoaren" aurrekontuak dira, baina baita "elkartasunarenak" ere, eta Espainiaren hazkunde ekonomikoari ateak zabaltzen dizkiote. Hirugarren hiruhilekoan Espainia atzeralditik atera dela baieztatu du gaur Espainiako Bankuak.
Osoko zuzenketen eztabaida gaindituta, azaroaren 5-7ko astean zuzenketa partzialak (urriaren 25era arte aurkez daitezke) eztabaidatuko dituzte Aurrekontuen Batzordean. Azaroaren 11 eta 14 artean txostena egine eta Senatuari igorriko diote.