Politika -
Faisan auzia
PPk Faisan auziko epaiaren aurka egingo du Auzitegi Gorenean
Kasazio-errekurtsoa aurkeztuko du, Auzitegi Nazionalaren epaia "Zuzenbidearekin ez baitator bat".
Erredakzioa
Alderdi Popularrak helegitea aurkeztuko du Auzitegi Gorenean Faisan auziko epaiaren kontra. Auzitegi Nazionalak urte eta erdiko kartzela zigorra eta lau urteko gaitasungabetzea ezarri zizkien Enrique Pamies Polizia Nazionalaren Euskadiko buruari eta Jose Maria Ballesteros inspektoreari, sekretuak ezagutaraztea egotzita.
PP akusazio partikular gisa aurkeztu zen Faisan auzian, eta akusatuentzat 8 urte eta erdiko kartzela-zigorra eskatu zuen, ETArekin kolaboratzea egotzita. Alderdi Popularra ez dago konforme epaiarekin, eta, hala, kasazio-errekurtsoa aurkeztu du "Auzitegi Nazionalak emandako epaia ez baitator bat Zuzenbidearekin".
Prozedura Kriminalaren Legearen 849. artikulua aipatzen du Alderdi Popularrak helegitean. "Egitateak frogatutzat gelditu dira", alegia, zigortuek ETAren estortsio taldearen kontrako operazioaren berri eman zuten. PPren ustez, epaian aipaturiko legean agertzen diren hainbat puntu urratu dituzte.
PP ez dator bat Auzitegi Nazionalak urriaren 16an Faisan auziaz emandako epaiarekin. Epaileak ETArekin kolaboratzeko delitutik absolbitu egin zituen biak ala biak; izan ere, epaiaren arabera, zigortutako bi gizonek ez zuten ETAren jardunari mesede egiteko inolako asmorik, helburua 2005ean Gobernuaren eta ETAren artean irekitako bake elkarrizketak ez oztopatzea zen. Hitzez hitz, hau jasotzen du epaiak: "Zigortuek ez zioten ETAren ekintza puntual bati mesede egin nahi izan. Horien helburua ETAren jarduera armatua amaitzeko irekita zegoen prozesua ez oztopatzea zen".
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 7 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen akusatuentzat, sekretuak ezagutaraztea eta ETArekin kolaboratzea egotzita. AVTk, Dignidad y Justiciak eta PPk ere ETArekin kolaboratu izana egozteko eskatu zuten, eta 10 urteko kartzela eskaria egin zuten. PPk 7 urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen Ballesterosentzat eta 8 urtekoa Pamiesentzat.
Dignidad y Justicia eta AVT biktimen elkarteek eta Defentsak ere helegitea aurkeztu zuten.