Politika -
Istiluen aurkako materiala
Kataluniako Gobernuak debekatu egingo ditu gomazko pilotak
Istiluen aurkako material hori 2014. urteko apirilaren 30a baino lehen debekatzea adostu dute CiUk eta ERCk.
Erredakzioa
CiUk eta ERCk 2014. urteko apirilaren 30a baino lehen gomazko pilotak guztiz debekatzea adostu dute. Bien bitartean, Esquadra Mossoek behar-beharrezkoa bada baino ez dute erabiliko istiluen aurkako material hori.
Nolanahi ere, oraindik ez dago argi debekua indarrean sartu eta gero mossoek zer material erabiliko duten.
Akordioa ostiralean berretsiko dute bi alderdiek, gomazko piloten erabilera aztertzeko sortutako batzordean. Pilotakaden biktimentzako kalte-ordainak ere zehaztuko dituzte bertan.
Astearte honetan, ERCk ultimatuma eman zion CiUri: babesa kenduko zion eta Manel Prat Esquadra Mossoen zuzendari nagusiak dimisioa ematea eskatuko zuten, Artur Mas presidentearen alderdiak gomazko pilotak debekatzea onartu ezean.
Azkenean, apirilaren 30a epemugatzat ezarri izana erdibideko konponbidea izan da, bi alderdien aldarrikapen nagusiak asetzeko. Izan ere, ERCk materiala debekatzea lortu du, eta CiUk debeku hori berehalakoa ez izatea, istiluen aurkako material berria ezarri ahal izateko.
Kalte-ordainak
Ostiraleko saioan, CiUk eta ERCk pilotakaden biktimei kalte-ordainak ematea ere adostuko dute.
Neurriak atzeraeraginezko izaera izango du, hau da, indarrean sartu baino lehen zauritutakoei ere emango dizkiete kalte-ordainak.