Politika -
Espioitza
Espioitza eta jazarpena salatu dute Ernaik, LABek eta Sortuk
Aste honetan, bideo kamera bat eta entzuketak egiteko tresneria aurkitu dituzte Ernai gazte antolakundearen Donostiako egoitzaren aurrean.
Erredakzioa
Ezker abertzaleko kideen kontrako espioitza eta jazarpena salatu dute Sortuk, LABek eta Ernaik ostegun honetan Donostian egin duten prentsaurrekoan. Izan ere, aste honetan bertan bideo kamera bat eta entzuketak egiteko tresneria aurkitu dituzte Ernai gazte antolakundearen Donostiako egoitzaren aurrean.
Pernando Barrena eta Amaia Izko Sortuko bozeramaileak, LABeko Gorka Berasategik eta Olatz Arozenak eta Ernai gazte antolakundeko Mikel Button eta Irati Sienra ordezkariek kazetarien aurrean hitz egin dute, eta bideokamera bat eta entzuketak egiteko gailuak erakutsi dituzte.
Buttonek eta Sienrak azaldu dutenez, aste honetan atzeman dituzten gailu horiek kalean jarrita zeuden, herri lanetako poste batean, eta kamera Ernairen lokalaren atera zuzenduta zegoen.
Ez dakite kamera gehiagorik dagoen ala ez, baina pairatzen duten jazarpenaren erakusgarri dela nabarmendu dute.
Entzuketez gain, egunero kalez jantzitako polizien jazarpena eta errepide kontrolak pairatzen dituztela salatu dute. Ernaiko kideen esanetan, ezezagunek bileretako sarrera-irteerak grabatzen dituzte.
Irati Sienraren adierazi duenez, azken aldian areagotu egin dira espioitza kasuak, eta auzitegietan salaketa jartzea aztertzen ari dira aurkitutako bideokameraren harira.
Atzo Diputatuen Kongresuan Espainiako Inteligentzia Zerbitzuetako buruak alderdi politikoak zelatatu izana ukatu egin zuen; baina CNIko burua gezurretan aritu zela salatu dute Ernaiko kideek.
Espioitza eta jazarpen praktikak bertan behera uzteko eskatu dute, eta euskal alderdiei arduraz jokatzeko eskatu diete.