Politika -
PSOEren Hitzaldi Politikoa
Jauregui: 'Baliteke Patxi Lopez eta Madina hautagaien artean egotea'
Hauteskunde primarioen inguruan, Jaureguik berretsi du egin egingo dituztela eta hauteskunde horietan buruzagirik “egokiena” aukeratuko dutela.
Erredakzioa
Ramon Jauregi PSOEko diputatuak nahiago du bere alderdiaren hauteskunde primarioak “ondo” egitea “azkar” baino. Hauteskunde horietan “200.000 herritarrek soilik” parte hartuko balute, “porrota” suposatuko lukeela adierazi du Jaureguik. Horrez gain, etorkizunean Euskal Herriko sozialista bat PSOEko burua izan daitekeela iritzi dio.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Euskal Herriko sozialismoak egindako “ekarpenak” goraipatu ditu, eta, etorkizunean, Eduardo Madina eta Patxi Lopez Gobernuko presidentzia lortzeko hautagaiak izan daitezkeela gaineratu du. Hauteskunde primarioen inguruan, Jaureguik berretsi du egin egingo dituztela eta hauteskunde horietan buruzagirik “egokiena” aukeratuko dutela. “Hala ere, gauzak bere garaian eta ondo egin behar ditugu”, azpimarratu du.
Zentzu horretan, hauteskundeak “ondo” egitea nahiago duela esan du. “Jende asko inplikatu behar dugu eztabaida horretan. Kanpaina egin behar dugu, hautagaien eztabaidak antolatu eta herritarren interesa piztu”.
“Niri, noiz izango diren baino garrantzitsuago, hauteskunde primario handi batzuk egitea interesatzen zait”, esan du.