Politika -

Auzitegi Gorena

Korrikan presoen kartelak eramateagatik auzipetutako 4 lagunak, aske

Auzitegi Nazionalak ere errugabetzat jo zituen. Gorenak ere ez du "terrorismoaren aldarrikapenik edo legitimaziorik" ikusten ekintzetan.

Korrikan presoen argazkiak eramatea ez da delitua, Gorenaren ustez.
Korrika
Korrikan presoen argazkiak eramatea ez da delitua, Gorenaren ustez.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2011ko Korrikan presoen kartelak eramateagatik Auzitegi Nazionalak libre utzi zituen lau lagunen kontra Fiskaltzak aurkeztutako kasazio-helegitea ezetsi du Auzitegi Goreneko Zigor arloko Aretoak. Auzitegiak ez du ekintzotan "terrorismo aldarrikapenik edo legitimaziorik" ikusten, ez behintzat "inolako dudarik gabe".

Auzitegi Nazionalak martxoaren 5ean libre utzi zituen Amaia Osa Gomez, Iñaki Manuel Ezenarro, Sebastian Etxebarria eta Joseba Garitonandia, 2001ko Korrikan presoen kartelak eraman zituzten lau lagunak, terrorismoa goraipatzea delitua ezin egotzi zitzaiela argudiatuta. Epaiketan, urtebete eta hiru hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuen Fiskaltzak bakoitzarentzat. Hala, auzitegiaren erabakiaren ostean, kasazio-helegitea aurkeztu zuen Gorenean, eta honek absoluzio hori berretsi du joan den urriaren 16ko epaian.

Gorenak epaian agertu duenez, "argazkiok eramaten zituzten lagunek nolabaiteko sintonia pertsonal edo politikoa izan ahal zuten presoekin, baina karteletan eta argazkietan euretan ezin da ikusi preso hauek egindako krimenen goraipatze zehatzik".

Era berean, ekintzok izan ziren ekitaldia, 2001ko Korrika, "ekitaldi kulturala da nagusiki, kutsu politikoa ere darion arren", betiere Gorenaren aburuz.

"Jarrera hauek, anbiguoak izan daitezke eta zigor daitekeenaren mugan egon, baina ezin daitezke inolako dudarik gabe terrorismoaren goraipatze edo legitimaziotzat hartu", ondorioztatu du Gorenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea