Politika -
Urteurrena
Rajoy: 'Espainia laster izango da berriro denok nahi duguna'
Bere Gobernuak neurri zailak adostu behar izan dituela azaldu du, baina gauzak “zertxobait hobeto daudela” nabarmendu du.
Erredakzioa
Mariano Rajoy presidenteak azken bi urteetan egindako ahaleginengatik “eskerrak” eman dizkie Espainiako herritarrei eta gauzak “zertxobait hobeto” daudela azpimarratu du. “Krisi egoera gainditu egingo dugu”, gaineratu du.
Bi urte bete dira gaur PPk Espainiako hauteskundeak irabazi zituenetik. “Bi urte hauek zailak izan dira, gauzak ez dira errazak izan, eta, oraindik ere, ez dira errazak izaten ari. Baina ondo lan egin dugula uste dut”, adierazi du.
Bere Gobernuak neurri zailak adostu behar izan dituela azaldu du, baina gauzak “zertxobait hobeto daudela” nabarmendu du. “Espainiarrek jakin behar dute egoera hau gainditu egingo dugula”, berretsi du.
Adierazi duenez, Espainiako Gobernuak erreforma gehiago egingo ditu etorkizunean. “Oinarri sendoak jarri ditugu eta, laster, Espainia denok nahi duguna izango da berriro ere”.
Hartutako neurri ekonomikoak goraipatu ditu Rajoyk eta, horren harian, neurri horiek “emaitzak ematen hasi direla” azpimarratu du. “Ziur nago datorren urtean emaitza gehiago ikusiko ditugula”.
Herritarren Segurtasuna
Bestalde, Rajoyk esan du Gobernuak ostiralean onartuko duen Herritarren Segurtasunerako Lege berria ez dela herritarren “mozala” izango.
Aurreproiektu horren helburu nagusia herritarren “segurtasuna eta askatasuna” bermatzea izango dela defendatu du. Legea Kongresuan eztabaidatuko dutela eta bertan alderdiek euren ekarpenak egiteko aukera izango dutela azaldu du.