Politika -
Krisia
Quirogak 'ausardia falta' eta motel jokatzea leporatu dio Urkulluri
Bestalde, PPren EAEko presidenteak esan du "inork ez" duela "elkarbizitzaren kontra euskal ezker patriotak adina egin".
Erredakzioa
Arantza Quiroga PPren EAEko presidenteak krisi ekonomikoaren aurrean 'ausardia falta' eta motel jokatzea leporatu die Iñigo Urkullu lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzari.
Quriogak Bilbon egin ditu adierazpenok, PPren belaunaldi berrietako kideekin egindako ekitaldi batean, EHUren egoitzan. Bertan izan dira, era berean, Iñaki Oyarzabal alderdiaren idazkari nagusia eta Anton Damborenea Bizkaiko burua ere.
Quirogak egoera ekonomikoa izan du hizpide, eta etsipena agertu du ETAren jardueraren "oztopoa gaindituta" ere, "ekonomiaren beherakada larritzen" ari delako EAEn.
Buruzagi popularraren arabera, lan gatazkek "eragotzi" egiten dute hazkunde ekonomikoa. "Argi adierazi beharra dago, Jaurlaritza esatera ausartzen ez dena PPk esango du: lan gatazkak krisitik ateratzeko bidea eragozten ari dira". Izan ere, Espainiako Estatuan egiten diren greben % 28 EAEn egiten direla azaldu du.
"Borondate onarekin ez dira arazoak konpontzen, arazoak botere banaketarenak ez badira behintzat. Ezin dugu herria pikutara bidali Urkulluren Jaurlaritzak ausardiarik ez duelako", adierazi du PPren EAEko presidenteak.
Quriogak azpimarratu du Jaurlaritza ez dela "beharrezko neurriak" hartzeko gai izan. Horren aurrean, EAJren eta PSE-EEren akordioak ez duela "benetako arazoei aurre egiteko balio" salatu eta beste batzuk "arriskuak hartzen" ari direla goraipatu du, Mariano Rajoyren Espainiako Gobernuari erreferentzia eginez.
Elkarbizitza
Bestalde, legebiltzarkide popularrak "argi" adierazi nahi izan du "inork ez" duela egin "PPk adina" Euskal Herrian "elkarbizitza lortzeko". Ezker abertzaleaz, berriz, "inork ez" duela "elkarbizitzaren kontra euskal ezker patriotak adina egin" uste du.