Politika -
Kartzela politika
Mendeku politikarekin amaitzeko eskatu dio Garitanok Gobernuari
Sevilla II espetxean 31 egunez gose greba egon diren euskal presoen senideekin bilera egin du gaur Gipuzkoako ahaldun nagusiak.
Erredakzioa
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak erakundeei eta herritarrei dei egin die, Espainiako Gobernuak aurrera daraman "mendeku politika" aldatzeko presioa egin dezaten.
Garitanok Sevilla II kartzelan dauden euskal presoen senideekin bilera egin du gaur, presoek Sevillan bizi duten egoeraren berri senideen ahotik entzuteko. Halaber, Sevilla II espetxean bizi duten isolamendu iraunkorra salatzeko 13 euskal presok hasi zuten gose greba bertan behera utzi dute, 31 egunen ostean, "osasun arazoak" tarteko, Etxerat elkarteak baieztatu duenez.
Gipuzkoako ahaldun nagusiaren esanetan, orain lekukoa hartzeko eta gainerako erakundeei eta herritarrei mugiaraztea eskatzeko ordua da, "Espainiako Gobernuak inora ez garamatzan mendeku politika albo batera utz dezan".
Enara Izagirrek, Sevillako II kartzelan dagoen Gurutz Agirresarobe euskal presoaren bikotekideak, azaldu duenez, egoera muturrekoa zelako utzi dute bertan behera baraualdia. Halaber, presoen osasun egoerarekin kezkatuta daudela esan du.