Politika -
Ipar Euskal Herrian atxilotuta
Iurrebaso, 2006an ETAk zuen negoziatzaileetako bat, espetxeratu dute
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak ohar batean azpimarratu duenez, Iurrebasok urteak daramatza "bizitza publikoa" egiten eta, gainera, "gaixotasun larri bat pairatzen du".
Erredakzioa
Jon Iurrebaso, ETAk 2005ean hasitako bake-prozesuan Espainiako Gobernuarekin negoziatzeko zuen ordezkarietako bat, Seysseseko (Frantzia) espetxean sartzeko agindua eman dute gaur, Frantziako Justiziak bere garaian ezarri zion bost urteko kartzela-zigorra betetzeko, iturri juridikoak aipatuta Efe albiste-agentziak zabaldu duenez.
Iurrebaso atzo atxilotu zuten Donibane-Lohitzunen, Jose Manuel Azkaraterekin batera zihoala. Azkarate, baina, aske utzi zuten.
Iurrebaso 2007an ere atzeman zuten, Kepa Mirena Suarezekin batera. Orduan, ETAren negoziatzaileetako bat zela esan zien agenteei, eta Barne Ministerioaren hainbat goi-kargudunen telefono zenbakiak erakutsi zizkien.
2011. urteko irailean, bost urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina ez zuten espetxeratu, gaixotasun larri bat tarteko.
"Ulergaitza", EIPKren arabera
Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboaren (EIPK) iritzian, "ulergaitza eta onartezina" da Iurrebaso atxilotu izana. Bestalde, "konponbide prozesuan esku hartzeko eskubidea" aldarrikatu dute, eta "aurrerapausoak" emateko prest azaldu dira.
EIPK-k ohar baten bidez nabarmendu duenez, Iurrebasok "urteak daramatza" Ipar Euskal Herrian bizitzen, eta, gainera, "gaixotasun larri bat" pairatzen ari da.