Politika -

Guardia Zibilari salaketa

Guardia Zibilaren aurkako salaketa aurkeztu du Eusko Alkartasunak

Pello Urizar alderdiko idazkari nagusiak Bilboko Epaitegian aurkeztu du salaketa eta adierazi duenez, “agenteak egoitzan sartzea ez zen akatsa izan, antolatuta zegoen”.

Pello Urizar Bilboko Epaitegian salaketa jarri aurretik. Argazkia: EFE
Pello Urizar EFE
Pello Urizar Bilboko Epaitegian salaketa jarri aurretik. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunak Guardia Zibilaren aurkako salaketa aurkeztu du alderdiaren Bilboko egoitzan "legez kanpo eta indarrez" sartzeagatik eta bulegoan zeuden hiru langile hiru orduz atxikitzeagatik. Gertaerak irailaren 30ean jazo ziren, Herriraren aurkako polizia operazioaren ondoren.

Pello Urizar alderdiko idazkari nagusiak Bilboko Epaitegian aurkeztu du salaketa. "Agenteak egoitzan sartzea ez zen akatsa izan, antolatuta zegoen", gaineratu du. Egun horretan Herriraren aurkako polizia operazioa izan zen. Herriraren bulegoak eta Eusko Alkartasunarenak eraikin berean daude.

Kazetariei egindako adierazpenetan, Urizarrek azaldu du gertaerak jazo zirenean, erratu egin zirela adierazi ziela Guardia Zibilak. EH Bilduko legebiltzarkideak esan duenez, "erregistro agindua eta idazkari judiziala etortzeko eskatu zitzaien, baina eskaerek ez zuten erantzunik jaso".

Alderdiak dionez, "langileen atxikitzea eta erregistroa jakinaren gainean egin ziren". "Segurtasun indarrek alderdia kontrolpean dutenaren adibide da", gaineratu du.

Estatu espainiarraren helburua

"Estatu espainiarraren helburu ere bagara. Egoitzan legez kanpo sartzea, eta Guardia Zibilaren legez kanpoko mugimendu horiek Estatuaren ohar bezala jasotzen ditugu. Bide demokratikoak eta politikoak erabili arren, gure gainetik ‘anai handia’ dugu", gaineratu du.

Urizarren aburuz "gure alderdiak beti izan du giza eskubideekin konpromisoa. Alderdiaren konpromisoa izan da baita ere, euskal estatu bat Europan sortzeko, hau da, Euskal Herriaren independentzia lortzeko, bide demokratikoak eta politikoak erabiltzea".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea