Politika -
Konstituzioaren urteurrena
Alderdi abertzaleek esparru berri baten aldeko apustua egin dute
Espainiako Konstituzioaren 35. urteurrenean, alderdi abertzaleek Euskal Herrirako esparru politiko berri baten premia aldarrikatu dute.
Erredakzioa
Euskal alderdiek Konstituzioaren inguruan hitz egin dute, ostiral honetan, horren 35. urteurrenaren egunean. Bakoitzak bere ikuspegia azaldu badu ere, gehienek adierazi dute Konstituzioak erreformaren bat beharko lukeela; alderdi abertzaleek gaur egungo eremuaren aldatzearen edo gainditzearen alde egin dute.
Aitor Esteban EAJk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak erreforma konstituzionalaren aldeko apustua egin du, “euskal nazioa eta Estatuarekiko bilateralitatea” onartzen duen erreforma baten alde. Bere iritziz, erabateko lehentasuna izan beharko luke bi arazori erantzuna emateak: Euskadiko eta Kataluniako nazio lurralde arloak. Estebanek nabarmendu du jeltzaleek ez zutela 1978an Konstituzioaren alde egin, abstenzioaren alde baizik.
Sortu, bere aldetik, “eremu konstituzionalarekin lotzen gaituzten kateak apurtzearen alde” azaldu da, subiranotasunerako bideari ekiteko: “Hori da egin behar duguna Euskal Herriaren onarpenaren eta erabakitzeko eskubidearen alde gauden indar politiko, sindikal eta sozial guztiok”, esan du Amaia Izko bozeramaileak.
Patxi Lopez PSEren idazkari nagusiak esan du sozialistek defendatzen duten Espainiak bakoitzaren nortasuna bermatzen duela. Lopezek artikulu bat argitaratu du bere blogean, eta hor adierazi du bere ustez gaurko ospakizuna 1978an egindako erreferendumaz gaindi doala: “Nik nahi dut ospatu itun konstituzionala pertsona askeen arteko bizikidetza bezala; itun konstituzionala, azken finean, guztion askatasuna bermatzen duen gunea bezala”.
Gorka Maneiro UpyDren legebiltzarkideak defendatu du Konstituzioaren baloreek inoiz baino indar handiagoa dutela; izan ere, bere ustez, Euskadin berdintasun eta askatasun handiagoak eta demokrazia gehiago behar ditugu, eta ez “abertzaletasun handiagorik edo Ibarretxe plan gehiagorik”. Maneiroren ustez, Konstituzioak eskubideak eta askatasuna bermatzen ditu eta ikuspuntu desberdinak dituen pertsonei elkarrekin bizitzeko aukera eman die.
Unai Ziarretak azaldu du EAk ‘Doazela’ kanpaina abiatu duela, Konstituzioaren urteurrenarekin batera. EAren agintariak salatu du Konstituzioak erabakitzeko eskubidea uko egiten diola Euskal Herriari eta Estatuko Segurtasun Indarrak erabiltzen dituela Espainiako Gobernuak alderdi abertzaleen proiektu politikoaren aurka egiteko; independentziaren aurka, alegia.