Politika -
Didier Borotra, inputatuta
Biarrizko alkateari 3.600 isun barkatu izana egotzi diote
Epaileak Didier Borotra auzapeza galdekatu zuen atzo, hamabi orduz. 2009 eta 2010. urteen artean 3.600 isun baino gehiago desagerrarazi zituela salatu zuen 2012ko apirilean sindikatu batek.
Erredakzioa
Didier Borotra Biarrizko auzapez zentristak (Modem) epailearen aurrean deklaratu zuen atzo polizia etxean, hamabi orduz. 2012ko apirilean udal sindikatu batek jarritako isun bati jarraiki, 2009 eta 2010. urteetan 3.619 isun barkatu zituen udal agintari gorenak, eta horren kariaz galdegin zion epaileak.
Egun osoa polizia eta epailearen aurrean deklaratzen izan ondoren, aske utzi zuten, baina diru publikoa desbideratu izana egotzita.
Alkateak udan aitortu zuenez, berak du azken hitza zirkulazio eta aparkatze isunen inguruan, eta "afera jakin batzuetan" multak barkatu dituela erantsi zuen. Hala ere, haren hitzetan, barkatu isun horien zenbatekoa ez da inolaz ere Poliziak egotzitakoa; izan ere, polizia txosten baten arabera, 70.000 euroko zenbatekora heltzen zen isun barkatuen kopurua.
Borotra 1991tik da Biarrizko udalbatzako buru, eta 2011ra arte senatari ere izan zen. Aurretik, 1971tik 1977ra, Arbonako auzapez izan zen.