Politika -

Eusko Legebiltzarra

Azken-aurreko izapidea PSEren haserrearekin gainditu dute aurrekontuek

Guztira 120 zuzenketa partzial onartu dituzte; horietatik 115, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioaren emaitza izan dira.

Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EiTB
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EiTB
Eusko Legebiltzarra. Artxiboko irudia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu egitasmoak azken-aurreko izapidea gainditu du gaur, Eusko Legebiltzarrean. EAJren eta PSE-EEren arteko itunaz baliatu dira, baina EAJ eta PP azken orduan akordio batera heldu dira, eta horrek sozialisten haserrea eragin du.

Guztira 120 zuzenketa partzial onartu dituzte; horietatik 115, EAJren eta PSE-EEren arteko akordioaren emaitza izan dira (25,4 milioi euro).

Itunak ez du EAJren eta PPren arteko "ezusteko" akordioa saihestu. Zuzenketa partzialak bozkatzerakoan, azken orduko akordioaren berri eman dute batzordean. Horrela, Alderdi Popularrak beste 2,7 milioi euro gehitzea lortu du.

Bi milioi euro Gasteizko Herrandarren kaleko autobus geltokia Lakuara eramateko erabiliko dituzte.

Sozialisten haserrea

Talde sozialistak akordioaren berri jasotakoan, Txarli Prieto legebiltzarkidea haserre azaldu da. Prietok "leialtasun" falta egotzi die jeltzaleei, aurretik jakitera ez emateagatik.

Hala ere, sozialistek EAJrekin adostutakoa betetzea aurreikusi dute. Horrela, sozialistak abstenitu egingo dira aurrekontuen behin betiko bozketan, abenduaren 20an, PSE-EEko iturriek baieztatu dutenez.

Taldeek aurkeztutako 1.100 zuzenketa partzialak bozkatu ditu gaur Eusko Legebiltzarreko Ogasun Batzordeak. EAJk eta PSE-EEk aldeko botoa eman dute, PP abstenitu da, eta EH Bilduk eta UPyDk kontrako botoa eman dute. Azken biek osoko zuzenketak aurkeztu zituzten.

Gaurko argazkia ez da abenduaren 20an errepikatuko; izan ere, PP eta PSE-EE abstenitu egingo dira, eta Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak aurrera ateratzea ahalbidetuko du horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea