Politika -

Elkarrizketa lehendakariari

Urkullu: 'Legebiltzarrean akordioa badago, kontsulta egin behar da'

Iñigo Urkullu lehendakaria 30 herritarrek egindako galderak erantzuten ari da ETB-2ko 'Euskadi Pregunta' saioan.

Iñigo Urkullu lehendakaria 'Euskadi Pregunta' saioan. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria 'Euskadi Pregunta' saioan. Argazkia: EiTB
Urkullu: 'Kataluniako gizarteak adostutako akordioa berretsi behar du'

1:49

G. Palacios | eitb.com

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak uste du legezko proiektu politiko baten inguruan adostasuna badago, euskal gizarteari kontsulta egin beharko litzaiokeela. Hala adierazi du Kataluniako galdeketaren eta Euskadirentzat 2015erako nahi duen estatus politiko berrirako proiektuaren artean egon daitezkeen antzekotasunen inguruan galdetuta.

"Demokrazia batean gaude, proiektu legal guztiak defenda daitezke eta Legebiltzarrean adostasun batera helduz gero, gizarteari galdetu egin behar zaio eta gizartearen erabakia errespetatua izan behar da", azaldu du lehendakariak.

ETB-2ko 'Euskadi Pregunta' saioan da lehendakaria, 30 herritarrek egindako galderak erantzunez, eta, gai politikoez gain, krisi ekonomikoari lotutako gaiak ere izan ditu hizpide.

Gauzak horrela, Fagor Etxetresnakek bizi duen egoeraz galdetuta, Urkulluk azpimarratu du Jaurlaritza lanean ari dela, "hartzekodunen konkurtsoak izan duen eragin soziala ahalik eta txikiena izateko".

"Jaurlaritza Espainiako eta Frantziako gobernuekin harremanetan dago, proiektu bideragarriak bilatzeko; horrez gain, Fagor hornitzen duten enpresen egoera zein den aztertzen ari gara, kaltetutako langileak zenbat diren jakiteko eta, ondorioz, neurriak hartzeko", azaldu du.

Jaurlaritzak krisian dauden enpresa txikien aurretik enpresa handiak lehenesten dituen ere galdetu diote lehendakariari, baina irmoki ukatu egin du horrelakorik. "Euskadiko sare ekonomikoaren oinarri nagusia enpresa txikiak eta ertainak dira eta, ondorioz, Jaurlaritzak enpresa guztien alde egiten du, batzuetan izen handiko enpresak soilik laguntzen ditugula iruditu arren".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea