Politika -
PSE-EE, Batzorde Nazionala
Lopezek EAJri: 'Ez gara identitateen obsesioetan nahastuko'
Euskal sozialisten idazkariaren esanetan, "Euskadin orain dela urte batzuk eraman nahi izan gintuzten kale itsu berdinera eraman nahi dute nazionalistek gizarte kataluniarra".
Erredakzioa
Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusia prest azaldu da EAJk proposatzen duen estatus politiko berriaren inguruan hitz egiteko, baina "aurrerapausoak" emateko eta "autogobernua hobetzeko" egingo duela nabarmendu du, sozialistek ez baitute utziko "identitateen obsesioetan nahas ditzaten".
PSE-EE Bilbon egiten ari den Batzorde Nazionaleko hasierako hitzaldian egin ditu adierazpenok Lopezek; "egunontan berpiztu diren identitateen obsesioak" izan ditu hizpide, Katalunian proposatutako galdeketaren inguruan. Bere ustez, "gizartea zatitzeko balioko du".
Lopezen arabera, "Euskadin orain dela urte batzuk eraman nahi izan gintuzten kale itsu berdinera eraman nahi dute nazionalistek gizarte kataluniarra". Garai horretan bezala, sozialistek elkarbizitzarako eskubidea defendatuko dute "erabakitzeko eskubide tranpati baten aldean".
Euskal sozialisten buruak zenbait hitz esan ditu katalunieraz, eta babesik "sakonena" helarazi nahi izan die PSCko alderdikideei. "Guk -esan du- badakigu zer den nazionalisten irainak eta presioa jasatea euren proposamenak ukatzen direnean".
Halaber, Lopez "kezkatuta" agertu da EAJk Eusko Jaurlaritzan hartutako zenbait erabaki ikusi eta gero. Patxi Lopezek gaztelaniaz lan egiten duten beharginak "baztertzen" dituen politika ezartzea eta Euskal Irrati Telebistako "ideologia aldatzea" leporatu die jeltzaleei.