Politika -

EA-ren adierazpenak

Urizar: 'Erabakitzeko eskubidearekin egin behar du bidea Euskadik'

EAko idazkari orokorrak azpimarratu du herri batek erabakitzeko eskubidea izatea edozein alderdi politikori eska daitekeen "gutxieneko demokratikoa" dela.

Pello Urizar, EAko idazkari orokorra, artxiboko irudi batean. EiTB
Pello Urizar, EAko idazkari orokorra, artxiboko irudi batean. EiTB
Pello Urizar, EAko idazkari orokorra, artxiboko irudi batean. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar EA alderdiko idazkari orokorrak gaur azaldu duenez, Kataluniako eta EAEko Parlamentuetan, gehiengo politikoen bi herenek "erabakitzeko eskubidea" defendatzen dute. Urizarren aburuz, Euskadik bere bidea egin behar du, euskal gizartearen eskaerei erantzuna eman ahal izateko.

Bilbon hedabideei eginiko adierazpenetan, "Kataluniako gizartearen gehiengoak kalean behin eta berriz" eskatzen duenaren aurrean, bertako alderdi politikoek erakutsitako "erantzuteko modu arduratsua" goraipatu du Urizarrek. Alderdi horiek "errealitate bat" -independentziari aipamen eginez- lortzeko erakusten ari diren "konpromiso politikoa" ere aipatu du EAko idazkariak.

EAko agintariek Bizkaian egin duten bilera hasi baino lehen, Urizarrek azpimarratu du herri baten erabakitzeko eskubidea edozein alderdi politikori eska daitekeen "gutxieneko demokratikoa" dela. Hori oinarritzat hartuta, euskal alderdi politikoek "pausoak" eman behar dituztela esan du. "Ez ditugu Kataluniaren pauso berberak jarraitu behar, guk geureak eman behar ditugu, baina haien konpromiso berdinarekin", adierazi du.

Kataluniako Parlamentuko bi heren akordio batera iritsi izana "oso positiboa" dela adierazi du EAko ordezkariak, eta, haren ustez, Eusko Legebiltzarrean ere gehiengoak defendatzen du erabakitzeko eskubidea.

Euskal gizartearen eskaerak erantzuteko, "konpromiso politikoa" hartu behar dela aldarrikatu du Urizarrek, eta konpromiso hori "momentuan agintean dagoen Gobernu espainiarraren alde egiten duten" alderdien babesarekin edo babesik gabe hartu behar dela adierazi du.

Bihar urte bat beteko da Iñigo Urkullu lehendakari izendatu zutenetik. Horren harira, EA arduratuta dagoela esan du alderdiko idazkari orokorrak. Izan ere, haien ustez, "zentralitate politikoa" lortu asmoz, Urkullu "alderdi guztiekin orekan egon nahian" dabil, baina bere aginteak, PSE-EE eta PP alderdien aldetik, "oinarrizko babesa" baina ez duela jaso azpimarratu du.

Urizarren aburuz, euskal gizartearen erabakitzeko eskubidea defendatzen ez duten alderdien "babes okerra" lortu nahi du Urkulluk eguneroko gestioetarako. Hori dela eta, "epe ertainera eta luzera begiratzeaz ahaztu" egin dela leporatu dio lehendakariari, eta, bide horretatik jarraituz gero, herrialdeak "etorkizun nahiko txarra" duela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea