Politika -

Ramon Labayen hil da

Lehendakaria Ramon Labayenen hil-kaperan izan da, Donostian

Euskaltzale eta jeltzale historikoaren aldeko hileta elizkizuna astelehenean egingo dute 18:00etan Tolosako Santa Maria elizan.

Iñigo Urkullu Ramon Labayenen hil-kaperan izan da. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu Ramon Labayenen hil-kaperan izan da. Argazkia: EFE
Iñigo Urkullu Ramon Labayenen hil-kaperan izan da. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria Ramon Labayen jeltzale historikoaren hil-kaperan izan da igande honetan Donostian. Labayen larunbat goizaldean hil zen Donostiako Ospitalean, 85 urte zituela, gaixoaldi baten ostean.

Labayenek politika munduan arrastoa utzi du; izan ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburua izan zen 1980 eta 1983 urteen artean, eta baita Donostiako alkate ere 1983tik 1987ra bitartean. Garai horretan berak jarri zituen martxan Euskal Telebista, Euskadi Irratia, HABE eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.

Urkullu 14:00ak baino lehen heldu da Zorroagako beilatokira, eta bertan Ramon Labayen zenaren semeak eta alargunak, eta Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak egin die harrera.

Labayenen aldeko hileta-elizkizuna astelehenean egingo dute Tolosan 18:00etan, eta haren gorpua Polloeko hilerrian lurperatuko dute. Bien bitartean, gorpua Zorroagako tanatorioan egongo da.

Ramon Labayenen biografia

Ramon Labaien Sansinenea Tolosan jaio zen 1928ko abuztuaren 31an. Haren aita, Antonio Maria Labayen idazle eta politikaria Tolosako alkatea zen eta 1936an Espainiako Gerra Zibila hasi zenean, Labayen familiak alde egin behar izan zuen, hasieran Zarautzera, gero Oñatira, eta geroago Iparraldera.

Bederatzi urte egin zituzten han, eta Ramon Labaienek bertako ikastetxeetan ikasi zuen. Bueltan, jesuitekin egin zuen batxillergoa Donostian.

Kimikan lizentziatu zen Madrilen, baina historia kontuek gehiago erakarri izan zuten eta Euskal Herriko historian aditua zen, hain zuzen ere, gai honi buruz zabalkuntza lan handia egin zuen.

Politikagintzan, Donostiako alkateorde izan zen 1978tik 1983ra bitartean eta urte hartan Donostiako alkate hautatu zuten eta kargu horretan egon zen 1987 urtera arte. Eusko Jaurlaritzan ere aritu zen, eta lehen Kultura sailburua izan zen 1980-83 urtetan, eta berak jarri zituen martxan ETB, Euskadi Irratia, HABE, edota Euskadiko Orkestra Sinfonikoa.

Bestalde, Ertzaintzaren uniformearen diseinuan parte hartu zuen.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea