Politika -

Senataria izan zen

Lentxu Rubial hil da, Ramon Rubial buruzagi historikoaren alaba

Militante sozialistak 68 urte zituen eta minbizia zuen. Senatari ohia Derioko hilerrian ehortziko dute bihar.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lentxu Rubial hil da gaur goizean Bilboko ospitale batean. PSE-PSOE alderdiko buruzagi historiko eta EAE sortu aurreko Eusko Kontseilu Nagusiko lehen lehendakaria izandako Ramon Rubialen alaba zen.

Atzo ospitaleratu zuten militante sozialista, minbizia zuela, eta gaur hil da, 68 urterekin.

2008tik 2011ra bitartean senataria izan zen, baita Lan eta Immigrazio Batzordeko buru ere. Geroago, Ramon Rubial Fundazioko presidentetza hartu zuen eta hainbat ekimen antolatu zituen azken urteetan.

PSE-EE alderdiak adierazi duenez, "familia sozialistarentzat, egun tristea da gaurkoa". "Guztiok maite genuen Lentxu, eta lotura handia zuen Alderdi Sozialistarekin. Frankismoaren aurka eta demokraziaren alde borroka egin zuen, eta hura gabe, ezingo genuke gure egungo askatasunen sistema ulertu", adierazi dute sozialistek.

Hil-kapera

Bilbaina ehorztetxean irekiko dute hil-kapera 13:00etan. Egunean zehar, bertatik igaroko dira PSE-EE alderdiko zenbait kide. Bihar izango da hileta, eta 12:00etan, Derioko hilerrian ehortziko dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea