Politika -
Duela 30 urte
Ramon Oñederra GALen lehen biktimaren aldeko omenaldia egin dute
Senitartekoek eta lagunek gerra zikinean izandako ardurak onartzeko eskatu diete Estatuko alderdiei.
Erredakzioa
Ramon Oñederra GALek hildako lehen biktimaren omenezko ekitaldia egin dute senitarteko eta lagunek gaur, igandea, Azkoitian. Oñederra Baionan hil zuten 1983ko abenduaren 19an, orain dela 30 urte.
Oñederra GALen hiltzaileek onartutako lehen biktima izan zen, zazpi tiro bota zizkioten Lapurdiko hiri horretako Kaietenia tabernan.
Joxean Agirre Sortuko Gipuzkoako koordinatzailea ere omenaldian izan da eta gerra zikinean izandako ardurak onartzeko eskatu diete Estatuko alderdiei.
Sortuk "bere kontakizuna idazteko" eskubidea duela adierazi du eta, eremu horretan, "balantzea" egiteko eskubidea. Agirrek nabarmendu du ezker abertzaleari iragana aitortzeko eskatzen dioten alderdi politiko guztiek ez dutela hori egin.
Agirrek egindako hitzaldian, halaber, Euskal Herria nazio dela defendatu du eta, hori dela eta, "etorkizuna erabaki behar du, eskuhartzerik gabe". Gainera, azpimarratu duenez, erabakitzeko eskubidea da "konpondu behar den gatazkaren jatorria".
Agirreren iritzian, euskal kultura politiko guztiek "konpromezua hartu behar dute historiarekin, hau da, baldintzatzen gaituen gatazka konpontzea".