Politika -
Erregearen mezua
Erregeak Espainiaren batasuna defendatu du, bere aniztasuna onartuta
Gabon-gaueko mezuan, politikariek eta instituzioek gizartearen aurrean galdu duten prestigioaz ere hitz egin du, eta "gardentasuna" agindu du.
Erredakzioa
Juan Carlos erregeak Espainiaren batasuna defendatu du, baina bere "aniztasuna" onartuta. Pertsona guztiek tokia izango duten "herrialdea eraikitzen jarraitzeko" deia egin du, eta politikariei adostasunetara heltzeko eskatu die, "bakoitzak bere ideiei uko egin gabe eta egin behar diren erreformak eginda".
Nolanahi ere, erregeak muga bat dagoela azpimarratu du: "Konstituzioa eta legeak errespetatu behar dira; gure arteko ezberdintasunak joko-arauak errespetatuta konpondu behar ditugula oso argi izan behar dugu".
Politikarien eta instituzioen irudiaren gainbehera
Erregeak etika ere izan du hizpide. Errege bezala dituen ardurekin aurrera jarraitzeko asmoa berretsi du, eta "gizarteak eskatzen duen gardentasunarekin" jardungo duela agindu du.
Ildo horretan, aitortu du azken urteotan politikagintzak eta instituzioek beren irudi ona galdu dutela gizartearen aurrean, modu etikoan jokatu ez delako. Horrenbestez, gardentasuna exijitu du esparru politikoan, ekonomikoan nahiz sozialean.
ETAren biktimak
Bestalde, ETAren biktimak ere izan ditu gogoan. "Une zailak igarotzen ari dira eta nire elkartasuna adierazi nahi diet; gizartea beti egongo da biktimekin zorretan", azpimarratu du.
Aipatzekoa da iaz, lehendabiziko aldiz, ETAri inolako aipamenik egin ez ziola bere ohiko mezuan, erakunde horrek bere jarduera armatua betirako amaitu zuela iragarri ostean. Aitzitik, aurtengo mezuan, "armak entregatzeko eta betirako desagertzeko garaia" iritsi dela nabarmendu du.