Politika -
Urte amaierako mezua
Urkullu: 'Ezagutu ez dugun bakea bermatzeko aukera historikoa daukagu'
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du 2014. urterako erronkak ekonomia “berpiztea” eta autogobernua “sendotzea” izango direla.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du 2014. urterako erronka nagusiak ekonomia “berpiztea” eta autogobernua “sendotzea” izango direla, “hau baita gure tresnarik indartsuena ongizatea hobetzeko”.
Urte amaierako mezuan, lehendakariak ‘itxaropena’ hitzarekin hasi du bere agerraldia, Gabonak “itxaropenerako egunak izatea nahi dugulako”
Azaldu duenez, 2013. urtean, Eusko Jaurlaritzaren “lehentasuna” Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte babeserako oinarrizko zerbitzuak bermatzea izan da. Horren arian, bere Gobernuaren eredua, “egunero gure herria eraikitzea” dela goraipatu du. Gaineratu duenez, 2013. urtea "oso urte zaila" izan da erakundeentzat, enpresentzat eta familientzat.
2014. urtean ere, euskal herritarrek une “gogorrak” bizi izango dituztela onartu du, baina aurtengoa “aurreko urtea baino hobea” izango dela nabarmendu du. "Egoerari eutsiz, garai hobet baten itxaropenean gaude".
Orain, “ekonomia berpiztu eta enplegu aukera berriak sortzea” lehentasuna izango direla berretsi du, “bereziki gazteen artean”. “Elkarrekin ari gara zeregin honetan, denon lehentasuna hazkunde iraunkorra eta giza garapena delako.
Zentzu horretan, Urkulluk esan du “hazten jarraitzeko” garaia dela eta, helburu horretan, pertsona guztiak “beharrezkoak” izango direla. “Gure ardura erantzunak eskaintzea da, enplegua sustatzeko, aukera berriak sortzeko eta gizarte oreka bermatzeko”.
“Konpromiso zehatz eta gardena dugu krisialditik ateratzeko, pertsona eta bikaintasuna dituen Euskadi berria eraikitzeko”, gaineratu du.
Bakegintzari buruz, Urkulluk azpimarratu du 2014. urtean “inoiz ezagutu ez dugun” bakea eta bizikitzea zabaltzeko “aukera historikoa” izango dela. “Gorrotoa atzean utzi, biktimen memoria aitortu, eskuzabaltasunez jokatu eta bizikidetza hezur mamitu”, esan du.
Adostasun politikoa lantzea, lehendakariaren beste erronka bat izango da urte berriari begira. Autogobernua “sendotu” nahi du Urkulluk, “hau baita gure tresnarik indartsuena ongizatea hobetzeko, baita gure lekua irabazteko Europan eta mundu zabalean”. "
Amaitzeko, Urkulluk adierazi du Euskadiren etorkizunak "gizarte sendo eta kohesiodun bat" eskatzen du. "Lanerako kultura, espiritu kritikoa, konbikzio etikoak, aniztasunari errespetua... Gure gizartearen balio sakonak dira".