Politika -

Rajoyren Gobernuaren balantzea

Amaiurrek PPren Gobernuaren 'inboluzioa' eta 'inposaketa' salatu ditu

Rafa Larreina eta Onintza Enbeita diputatuek "euskal gizartearen borondatea behin eta berriz gutxietsi izana" leporatu diote Gobernu zentralari.

Rafa Larreina, Amaiur alderdiko diputatua.
Rafa Larreina, Amaiur alderdiko diputatua.
Rafa Larreina, Amaiur alderdiko diputatua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaiurrek PPren Gobernu zentralaren agintaldiko lehen bi urteen balantzea egin du, eta alderdi popularraren "inboluzioa" eta "jokabide sabotatzailea" salatu ditu, "euskal gizartea iragana gainditu eta etorkizun aske eta baketsua" eraikitzeko egiten ari den saiakeraren aurrean.

Donostian emandako prentsaurrekoan, Rafa Larreina eta Onintza Enbeita diputatuek gaztelaniazko eta euskarazko testu bat irakurri dute, "atzera jauzi" egin duen Rajoyren Gobernuaren "inboluzioa, ukapena eta inposaketa" salatzeko.

Amaiurren aburuz, azken bi urteetan PP alderdiaren Gobernuak onartu dituen neurriak "Ongizate Estatua ezabatzeko kontrarreforma" baten zati bat baino ez dira, "botere finantzario eta ekonomikoa babestuz, ekonomia espekulatiboa bultzatu eta Estatua berriro zentralizatzeko".

Kode Penalaren, Hiritarren Segurtasunaren, Segurtasun Pribatuaren eta Abortuaren erreformek "errepresioak askatasuna ordezkatu" duela argi erakusten dute, Amaiurren ustez.

Alderdi popularrak "kultura politiko frankistan lotutako ikuspuntua eta Estatu modelo antisoziala" babesten dituela kritikatu dute Larreinak eta Enbeitak. Gainera, "euskal gizartearen borondatea behin eta berriz gutxietsi izana" leporatu diote Gobernu zentralari. Horren harira, "Euskal Herriak Estatuarekin erlazio politiko berriak" bultzatu behar dituela gogorarazi dute.

Amaiurreko diputatuek "babes puntualen, egonkortasun instituzionalaren eta alderdien abantailen truke transferentziak lortzeko estrategia" agerian gelditu dela esan dute. Izan ere, orain, haien ustez, "helburua ez da Estatutua osatzea, euskal erakundeen eskumen urriak are gehiago ez murriztea baizik".

Bestalde, Estatuak "duela bi urte Euskal Herrian abian jarritako prozesuari" emandako erantzuna "axolagabea" izan dela aipatu dute.

Amaiurren ustez, azken bi urteetan, Estatuak "eskubideak eta askatasunak birrindu ditu, oinarri ekonomiko neoliberalei eta kultura politiko frankistatik eratorritako moral faltsuari jarraiki, ustelkeria orokortua iraunkortuz eta aukera berdintasuna ezinezko bihurtuz". Horren aurrean, aukera bakarra "Euskal Herriak bere bideari ekitea" dela uste dute Larreinak eta Enbeitak, eta Estatuari "Euskal Herria onartu eta gizarteak erabakitzen duena aitortu" behar duela eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea