Politika -

2014. urtea

Lehen orrialdeko albisteak: Kataluniako galdeketatik, bake prozesura

Kataluniak deitutako galdeketa, Euskal Herriko bake prozesua, suspertze ekonomikoa edota Europako hauteskundeak 2014ko gai nagusienen artean izango dira.

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniak deitutako galdeketa, Euskal Herriko bake prozesua, suspertze ekonomikoa edota Europako hauteskundeak 2014ko gai nagusienen artean izango dira, zalantzarik gabe. Kiroletan, Brasilgo Mundialak lehen orrialde guztiak beteko ditu eta Bilbok Saskibaloi txapelketako 15 partida hartuko ditu.

Gure agendari begiratzen badiogu, ekitaldi ugari azpimarra ditzakegu 2014. urteari begira:

Nazioarte mailan, uztailaren 28an 100 urte beteko dira Lehen Mundu Gerra hasi zutenetik. Gerra Handia ezizenaz gogoratzen dugun gatazka horrek Europako mapa osoa hankaz gora jarri zuen. Frantzian, Normandiako Lehorreratzea gogoratuko dute eta hainbat ekitaldi egingo dituzte 70. urteurrena ospatzeko.

Urtemugekin batera, urte honetan Siriako gatazka hizpide izango dute urtarrilaren 22an Genovan egingo duten Nazioarteko Biltzarrean. 2011ko martxoan hasi zenetik, 100.000 lagun hil dira gatazka horretan, eta beste 2,5 milioi Siriatik ihes egin dute.

Apirilean, Juan Pablo II.a eta Juan XXII.aren kanonizazioak egingo dituzte, Francisco Aita Santua Vatikanora heldu eta urtebetera. Berlinen ere ospakizun ugari, Alemania zatitu zuen harresia bota zutenetik 25 urte bete direnean.

Aurtengoa ere bozka emateko urtea izango da. Europako hauteskundeak maiatzean egingo dituzte baina, horrez gain, hitzordu garrantzitsua izango dute Brasilen, Turkian edota Afganistanen presidentetzarako hauteskundeekin.

Bestalde, Greziak Europar Batasuneko presidentetza izango du urteko lehen seihilekoan. Bigarrenean, Eskoziak eta Kataluniak burujabetzaren inguruko erreferendumak egingo dituzte: Eskoziaren kasuan galdeketa irailaren 18an izango da eta Katalunian, berriz, azaroaren 9an egingo dute.

Arlo politikoan ere, PSOEk erronka handia izango du bere hauteskunde primarioetan, oraindik hautagaiak erabaki ez dituzten arren. Espainiak martxoak 11ko biktimak gogoratuko ditu, atentatuak egin zituztenetik hamar urte beteko diren honetan. Ekonomiak eta enpleguak eztabaidarako gai nagusiak izango dira erakunde publikoetan.

Euskadin, Alderdi Popularrak Kongresua egingo du aurten, Arantza Quirogaren presidente izendapena berresteko.

Legebiltzarrean, berriz, autogobernuaren eta estatus berriaren inguruko eztabaida abiatuko da. EAJk lantaldea osatzeko eskaera egin du jada eta, oraingoz, alderdi guztiak parte hartzeko prest agertu dira.

2015eko udal eta foru hauteskundeek ere 2014ko agenda markatuko dute. Aurten zehaztuko dira hautagaitza gehienak, eta jeltzaleek izango dute erronka zailena: Iñaki Azkunaren ondoren Bilboko alkatetzari eusteko gai den hautagaia aurkitzea. Uda ostean erabakiko dute.

Kiroletan, Errusiak Neguko Joku Olinpikoak antolatuko ditu aurten. Hainbat erakundek Putinen Gobernuak giza eskubideak urratzen dituela salatu dute azken hilabeteetan, eta horrek hitzordua polemikaz busti egin du.

Historian aurrenekoz, Saskibaloiko Mundiala Bilbora iritsiko da: guztira 15 partida egingo dituzte Bizkaia Arenan. Brasilen, futbolaren lehiaketa nagusia, Joku Olinpikoak iristeko bi urte falta direnean.

Gasteizentzat ere, urte garrantzitsua: Hiriburu berdea izan ondoren, aurten gastronomiaren hiriburua izango da Gasteiz.

Kulturan ere, albiste ugari izango ditugu 2014ean. Guggenheimek Yoko Ono Bilbokora ekarriko du, ‘Half a Wind Show’ erakusketa aurkezteko. Arriaga Antzokiak, berriz, Jose Carreras tenorearen itzulera ekarriko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea