Politika -
Sanferminak 2013
5 lagun inputatu dituzte, txupinazoan presoen pankartak zabaltzeagatik
Epailearen arabera, inputatuen eta bertan zaudenen artean ''istilu larriak'' piztu ziren, eta horrek ''arrisku larria'' ekarri zuen bertan zaudenentzat.
Erredakzioa
Bost lagun inputatu ditu Iruñeko 2. instrukzio auzitegiko epaileak, desordena publikoa egotzita, 2013ko sanferminetako txupinazoan udaletxeko plazan, ''bultzaka eta kolpeka'', presoen aldeko pankartak zabaldu ostean.
Epaileak auto horretan azaldu duenez, inputatutako bost lagunak ''ados jarri ziren (bai beren artean eta bai identifikatu gabeko beste batzuekin batera)'', eta plazara jo zuten, ''ETAko presoen aldeko pankartak zabaltzeko asmoz''.
Idatzi horretan zehazten denez, ''milaka lagun zauden plaza horretan, eta bultzaka sartu ziren bost inputatuak bertara''. ''Plaza erdigunera iristean, pankartak zabaldu zituzten, eta zirkulua ere osatu zuten, bertan zauden lagunei bultzaka eta kolpeka''.
Jarrera horren ondorioz, ''istilu larriak'' piztu ziren ''inputatuen eta beren kideen'' eta bertan zauden ''gainerako lagunen artean''. Testuaren arabera, inputatuek ''behin baino gehiagotan'' eman zizkieten kolpeak bertan zauden hainbat laguni, ''zalaparta'' handia eraginez. Horrek ''arrisku larria'' ekarri zuen bertan zaudenentzat, testuaren arabera.
Auto horrekin amaitutzat jo du instrukzioa epaileak, eta 10 eguneko epea ireki du idatziak aurkeztu eta epaiketa abiatzeko. Ebazpenaren kontra helegitea jarri daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaldu duenez.