Politika -

Rajoy-Obama bilera

'Gorantz doan Espainia fidagarria' agertuko dio Rajoyk Obamari

Espainiako Gobernu presidenteak eta Barack Obamak bilera bat egingo dute astelehenean Etxe Zurian.

Mariano Rajoy eta Barack Obama. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Barack Obama. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy eta Barack Obama. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainia konpromisoak betetzen dituen sozio fidagarria dela eta ekonomia arloan egindako erreformei esker, herrialdea errekuperazio bidean dagoela adieraziko dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Barack Obama AEBetako presidenteari, astelehenean Etxe Zurian egingo duten bileran.

Espainiaren "fidagarritasunaz" eta ekonomiaren egoeraz hitz egingo dute nagusiki ordubete inguruko iraupena izango duen bileran. Hala ere, segurtasun eta defentsa alorrean izan dezaketen balizko kooperazioa, Europar Batasunaren eta AEBren arteko harremanak eta Afrika iparraldeko eta Latinoamerikako egoerak hizpide izango dituzte.

Espainiako iturrien esanetan, bilerako gai ordenan ez badago ere litekeena da AEBetako NSA segurtasun agentziak ustez Espainiari egindako espioitza ere mahai gainean jartzea. Dena den, ekonomia izango da elkarrizketako hizpide nagusia.

Espainiako panorama ekonomikoa azalduko dio Rajoyk Obamari eta herrialdeak "erreskatearen mamua" uxatzen jakin ahal izan duela helaraziko dio. Bestalde, Espainiaren arrisku-prima nabarmen jaitsi dela, eta ekonomia errekuperatzen hasi dela eta enplegu hazkundea izango dela erakusten duten frogak daudela esango dio.

Irailean San Petersburgon egin zen G20-aren goi bileran elkarrekin hitz egin zuten, eta Obamak ekonomia espainiarraren eboluzioa eta Gobernuak abian jarritako erreformak goraipatu zituen.

Ekonomiaz gain, segurtasun eta defentsa alorretan aliatu izateko aukera eskainiko dio Rajoyk Obamari. Ildo horretan, Kadizeko Rotako base militarra hizpide izango dute.

Rajoy gaur gauean iritsiko da Washingtonera eta Obamarekin elkartzeaz gain, Ameriketako Estatuen Elkarteko idazkari nagusiarekin eta AEBetako Senatuko Kanpo Harremanetarako Batzordeko kideekin bilera egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea