Politika -
EPPK
Fiskalak espetxe zigorra eskatu du zortzi atxilotuentzat
12:00ean hasi dira deklaratzen, eta dagoeneko zortzi atxilotuak igaro dira epailearen aurretik. Ez dute deklaratu nahi izan, eta orain epailearen erabakiaren zain daude.
Erredakzioa
Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak gaur galdekatu ditu aurreko asteazkenean, ETAren eta presoen arteko lotura lanak egitea leporatuta, atxilotutako zortzi pertsonak. 12:00ean hasi dira deklaratzen, eta dagoeneko zortzi atxilotuak igaro dira epailearen aurretik. Ez dute deklaratu nahi izan, eta orain epailearen erabakiaren zain daude.
Auzitegi Nazionalera iritsi diren lehenengo atxilotuak Guardia Zibilaren furgoneta batean eraman dituzte, goizeko 9:10ean. Gainerakoak kamuflatutako ibilgailuetan eraman dituzte.
Bestalde, Miguel Angel Carballo Auzitegi Nazionaleko fiskalak baldintzarik gabeko espetxea eskatu du zortzi abokatuentzat, gaur Fiskaltzako iturriek jakitera eman dutenez.
Ez dira inkomunikatuta egon
Zortzi atxilotuak Guardia Zibilaren egoitzan egon dira gaur goizera arte, baina ez dira inkomunikatuta egon. Larunbatean uko egin zioten Guardia Zibilaren aurrean deklaratzeari.
Arantza Zuluetaz eta Jon Enparantzaz gain, Egoitz Lopez de la Calle, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campos, Aintzane Orkolaga, Jose Miguel Almandoz eta Asier Aranguren eraman dituzte epaile aurrera deklaratzera.
ETAko preso ohiek Durangoko ekitaldi batean egindako kaltea aitortu eta EPPK-ko presoei, bide judizialak eta egindako mina onartu berri, babesa agertu eta bost egunera izan ziren atxiloketak.
Eztabaida Legebiltzarrean
Eusko Legebiltzarrak EPPK-ko bitartekarien atxiloketen kontrako ekimen bat eztabaidatuko du asteazkenean, Mahaiak EH Bilduren proposamena onartu ostean.
EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk onartu dute debatea bideratzea, eta PP kontra agertu da. Borja Semper bozeramaile popularraren ustez, "lotsagarria" da erakunde horrek polizia-operazio baten legezkotasunaren inguruan hitz egitea.
Gorka Maneiro UPyDren legebiltzarkide bakarra ez dago Mahaian, baina berak ere "lotsagarri"tzat jo du erabakia; izan ere, horren ustez, EH Bilduren proposamena "ez da inola ere premiazkoa".