Politika -

EH Bildu-ren ekimena

EPPKren aurkako operazioa, Legebiltzarrean hizpide

EH Bilduk atxiloketak errefusatzea eskatu du, EAJk eztabaida Bake Lantaldera bideratzea nahi du eta PSE-EEk testu alternatibo bat aurkeztuko du.

EPPKren aurkako operazioaren une bat. EFE
EPPKren aurkako operazioaren une bat. EFE
EPPKren aurkako operazioaren une bat. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrak EPPKren bitartekarien aurkako polizia operazioa hizpide hartuko du gaur, EH Bilduk proposatuta.

Hain zuzen ere, koalizio abertzaleak "premiazko" legez besteko proposamen bat aurkeztu du, Gasteizko Ganberak atxiloketak errefusa ditzan.

EAJk eztabaida Bakerako eta Elkarbizitzarako Lantaldera bideratzea eskatuko du. Talde hori geldirik dago une honetan, PSE-EEk eta PPk uko egin baitiote bertan parte hartzeari.

PSE-EEk osoko zuzenketa bat aurkeztuko du, espetxe politika "malguagoa eta dinamikoagoa" izatea aldarrikatzeko eta ezker abertzaleari "dagokion ibilbidea" bukatzea eta iraganaren "azterketa kritikoa" egitea eskatzeko.

PPk ez du testu alternatiborik aurkeztuko, eta EH Bilduren ekimenari ezetz esango dio.

UPyD ere koalizio abertzalearen legez besteko proposamenaren aurka agertuko da.

Legebiltzarreko Mahaiak astelehenean onartu zuen Diputazio Iraunkorra batzartzea, EH Bilduren "premiazko" proposamena eztabaidatzeko. Eztabaida koalizio abertzaleak, EAJk eta PSE-EEk alde bozkatuta egingo dute.

Testuan, polizia operazioak "euskal gizartean errotutako bake gogoak suntsitu" egiten dituela salatu du EH Bilduk. "Ezinbestekoa da Eusko Legebiltzarrak gertakizunen araberako erantzun bat ematea", gaineratu du.

Koalizio abertzalearen esanetan, atxiloketek "ez dute oinarri legalik", eta "politikoki desegokiak" dira. "Atxilotutakoek jardun publikoa zuten, gardena, ezaguna eta normalizazio politikoaren aldekoa", nabarmendu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea