Politika -
Eusko Jaurlaritza
Erkorekak bakea lortzeko estatu politika berri bat eskatu dio Rajoyri
Gainera, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "harrituta" dagoela Gobernu zentralak biktimen oroimenerako zentroa "aldebakarreko ekintza" gisa aurrera eramatea erabaki duelako.
Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak "bakea lortzeko estatu politika berri baten diseinua eta aplikazioa" eskatu dio Mariano Rajoy presidente espainiarrari. Berrikuntza horren barnean, "espetxe politika malguagoa, irekiagoa eta egungo garaiekin bat datorrena" sartu du Erkorekak.
Getxon, Izaro atun ontziaren bataiatzean izan da bozeramailea, eta Mariano Rajoyk atzo egindako adierazpenen inguruan mintzatu da. Espainiako presidenteak esan zuen ez zuela ETAko presoen espetxe politika aldatuko.
Erkorekaren aburuz, "armak uzteko aldebakarreko adierazpena egin du ETAk, eta erabaki horrek erantzun bat jaso beharko luke instituzioen aldetik, bakea egonkortzeko prozesua errazte aldera".
Gainera, bozeramaile jeltzaleak ETAko presoei "hitzetatik ekintzetara" pasatzeko eskatu die, legeak onartzeko eta banan-banan birgizarteratzeko hartutako konpromisoaren harira: "Benetako pausoak eman behar dituzte konpromisoa errealitate bihurtzeko".
Iñigo Urkullu lehendakaria Rajoyrekin Moncloan biltzeko zain dagoela adierazi du Erkorekak. Haren ustez, bilera hori "gero eta beharrezkoagoa da".
Bestalde, Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "harrituta" dagoela Gobernu zentralak biktimen oroimenerako zentroa "aldebakarreko ekintza" gisa aurrera eramatea erabaki duelako.
Erkorekak gogorarazi duenez, "ekimen hau Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu zentralak elkarlanean diseinatu behar zuten. Harritu egin gaitu Espainiako Gobernuak bakarrik jokatzea erabakitzeak, arlo honetan ezinbestekoa baita elkarlana".