Politika -
Epaiketa
Fiskalak 46 urteko zigorra eskatu du Atutxa hiltzen saiatzeagatik
'Bizkaia komandoa' bost aldiz saiatu zen Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohia eta Herrizaingo sailburu ohia hiltzen.
Erredakzioa
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 46 urteko espetxe-zigorra eskatu du Gorka Martinez Ahedorentzat, Juan Maria Atutxa Eusko Legebiltzarreko presidente ohia eta Herrizaingo sailburu ohia bost aldiz hiltzen saiatzeagatik, eta Jose Carollo Rama Armadako sarjentua hiltzen saiatzeagatik.
Epaiaren zain geratu den auzian, Martinez Ahedok ETAko kide izatea onartu du eta fiskalak egindako galderei erantzutea ukatu du.
Fiskalak ondorengo akusazioak atzera bota ditu, Europako atxiloketa eta entrega aginduan jasota ez zeudelako: talde armatuko kide izatea, ibilgailuak ez-legitimoki erabiltzea eta matrikula plakak ordezkatzea. Delitu horiengatik 22 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen.
Gertaera hauengatik zigortutako Joseba Koldo Martin Carmonak lekuko gisa deklaratu du epaiketan eta atentatuak ez dituela gogoratzen esan du. Atentatuen saiakerak egin zirenean akusatua ETAren ‘Bizkaia komandoko’ kide zela baieztatu du.
Fiskalak bi hilketa terroristen saiakera egotzi dizkio Martinez Ahedori eta frogatutzat jo du Atutxa hiltzen saiatu izana. 1993ko azaroaren eta 1994ko irailaren artean izan ziren saiakerak.
Lau aldiz saiatu zen komandoa Atutxa hiltzen. Horretarako 40 kilo lehergaiez osatuta ‘bonba-autoa’ A-8 autobideko sarreran jarri zuten, Galdakaoko Usansolo auzoan. Lau aldi horietan Atutxa ez zen bertatik esperotako orduan igaro, eta ez zuten autoa lehertarazi, fiskalaren arabera.
Bosgarren saiaketa Begoñako basilikan egin zuten, Atutxaren semearen ezkontzan. Bonba-maletatxo batekin saiatu ziren, baina bizkartzain asko zeudela eta, ez zuten lehertarazi.
Bestalde, 1994ko azaroaren 18an Mungiako kuarteleko Jose Carollo Raña Armadako sarjentua hiltzen saiatu ziren.