Politika -
Polemika
Nafarroako Parlamentuak Fernando Sebastián kardinala gaitzetsi du
'Homosexualitatea tratamenduarekin sendatu daitekeen urritasun sexuala da', esan zuen Sebastianek. PPk eta UPNk gaitzespenaren kontra bozkatu dute.
Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Mahaiak eta Batzordeak, PPren eta UPNren oposizioarekin eta gainerako alderdi politikoen aldeko botoarekin, Fernando Sebastián kardinala gaitzetsi du, honakoa esateagatik: "Homosexualitatea tratamenduarekin sendatu daitekeen urritasun sexuala da".
Kardinalari eta Eliza Katolikoaren instituzioei "onarpena jaso beharrean kontrako iritziak sortzen dituzten errespeturik eta zentzurik gabeko diskurtsoekin errealitatea alboratu nahi duten ikuspuntuak alde batera uzteko gonbidapena" egin die Parlamentuak.
Fernando Sebastian Iruñeko artzapezpiku emerituaren aurkako gaitzespena Juan Jose Lizarbe PSN-PSOEko bozeramaileak aurkeztu du. "Bakoitzak nahi duena pentsa dezake, baina gainerakoen askatasuna errespetatu behar da", eta polemika "kezkagarria" dela adierazi du.
Kardinalaren hitzak "alderdikoiak" direla esan du José Miguel Nuin Izquierda-Ezkerra alderdiko bozeramaileak. "Zigor Kodeak sailkatu eta zigortu beharko lituzke", gaineratu du.
Maiorga Ramirez Bilduko kidearen ustez, Sebastianen adierazpenak "onartezinak eta homofoboak" dira. "Modernitatearen, askatasunaren eta zuzentasunaren oinarrien aurka doaz" eta "lekuz kanpo" daude, esan du.
Geroa Bai alderdiko Manu Aierdiren ustez, kardinalaren hitzak "eurak bakarrik kalifikatzen dira" eta "beste garai batekoak dira".