Politika -

Ezohiko batzarra

Euskadiko PPk martxoaren 7tik 9ra egingo du ezohiko batzarra Donostian

PPren Zuzendaritza Batzordeak erabaki du batzarraren data eta lekua. Hori antolatzeko lanaz arduratuko den batzordea eta bertan eztabaidatuko dituzten gaiak ere zehaztu dituzte bileran.

Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPren idazkari nagusia, prentsaurrekoa eman aurretik. Argazkia: EFE
Iñaki Oyarzabal EFE
Euskadiko PPak presidente kargua berresteko ezohiko kongresua egingo du

0:38

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskadiko Alderdi Popularrak martxoaren 7an, 8an eta 9an egingo du alderdiko buruzagitza eta zuzendaritza aukeratzeko ezohiko kongresua, Donostian. Kongresua asanblearioa izango da, eta izena ematen duten militante guztiek parte hartu ahal izango dute bertan.

Alderdiko 5.000 militantek baino gehiagok parte hartu ahal izango dute zuzenean bozketan, orain arte ez bezala. Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPren idazkari nagusiaren esanetan,"barne demokrazia, berrikuntza politikoa eta gardentasuna" bultzatzeko hartu dute erabaki hori.

PPren Zuzendaritza Batzordeak bilera egin du Gasteizen, kongresuaren data eta lekua zehazteko, eta bilera bukatutakoan eman ditu ezagutzera zehaztasun guztiak Oyarzabalek.

Hautagaitza bakarra ezagutu da oraingoz, Arantza Quirogarena. Quiroga da egungo presidentea, eta 2012ko maiatzaren 14an eskuratu zuen kargua Zuzendaritza Batzordearen babes osoarekin. Antonio Basagoiti ordezkatu zuen.

Alderdia zuzentzeko "babes eta legitimitate nahikoa" duela sentitu arren, babes hori kongresuak agertzea nahi duela esan du behin baino gehiagotan Quirogak. Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPren idazkari nagusiak orain gutxi esan zuenez, "presidenteak badaki alderdiaren konfiantza duela".

Gutxienez 90 kideren babesa jasotzen duen edozein militantek aurkeztu ahal izango du bere hautagaitza martxoko batzarrean. Aurrera eraman ahal izateko, ordea, izena eman duten kideen % 20ren babesa beharko du gutxienez.

Quirogaren hautagaitzan aurkezteko asmoa duen galdetu diote kazetariek Oyarzabali, eta hori "presidenteak eta gainerako kideek" erabakiko dutela erantzun du. "Euskadin politika egiten jarraitzeko gogoa dut, eta erabat barneratuta nago Euskadiko PPren proiektuan", gaineratu du.

Nerea Llanos legebiltzarkidea izango da kongresua antolatzeko arduradunetako bat. Txosten politikoaz Borja Semper arduratuko da, eta txosten ekonomikoaz, Anton Damborenea. Javier Maroto eta Javier de Andresen esku izango dira politika publikoen txostena, tokiko politiken txostena, foru politiken txostena eta gizarte politiken txostena.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea