Politika -
PP-REN BATZAR NAGUSIA
EH Bildu: 'PPk betiko politikak egin nahi ditu, garai berri batean'
Udal Legeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzari "udalen autonomia indartuko duen legea" martxan jartzea eskatu diote.
Erredakzioa
Asteburuan PPk egindako Batzar Nagusian ez du aldaketarik ikusi EH Bildu koalizioak. Joseba Permach bozeramailearen hitzetan, Alderdi Popularrak "betiko politikak" egin nahi ditu, "Euskal Herriak garai berri bat bizi duen arren".
Permachek eta Juanjo Arrizabalagak agerraldia egin dute gaur Donostian, eta PPren asteburuko Batzar Nagusian aldaketarik ez dutela sumatu azpimarratu dute.
PPk utzitako argazkiak "barne gatazkarena" eta gatazka horri erantzuna emateko "larrialdiarena" izan direla adierazi dute koalizioko bozeramaileek.
Euskal Herriak bizi duen "aro berriaren aurrean", popularrek "betiko politikak" eta "errezeta zaharrak" defendatuko dituztela kritikatu dute.
Udal Legeari buruz, Eusko Jaurlaritzari "udalen autonomia indartuko duen legea" martxan jartzea eskatu diote. "Gaur egun ez dago batere garbi zeintzuk diren udalen eskuduntzak eta hauek garatu eta gauzatzeko bideak", adierazi dute.
Legebiltzarrean Urkulluren proposamenaren zain daudela esan dute EH Bilduko ordezkariak, eta "eztabaida ahalik eta azkarren egitea" espero dute. Nafarroan, berriz, "mapa lokalaren eztabaida" irekita dagoela esan dute, eta "bertako toki entitateen parte hartzea, autonomia eta finantza gaitasuna bermatuko duen ibilbidea abiaraztea" eskatu diote Gobernuari.
"Herrien eta herritarren beharretara egokitutako udalen antolaketa aldarrikatzen dugu, udalerriekin eta herritarrekin partekatuta osatuko dena", gaineratu dute.