Politika -
Bikoiztasunak
Eusko Jaurlaritza: Estatutua ez betetzeagatik daude bikoiztasunak
Eusko Jaurlaritzaren txosten baten arabera, "konpetentzia dagoenean, baina transferentziarik ez, bikoiztasuna gertatzen da". Koordinazioa hobetzeko 30 neurri "zehatz" bildu dituzte.
Eusko Jaurlaritzaren txosten batek "bikoiztasun larriak" aurkitu ditu instituzioen artean, "Gernikako Autonomia Estatutua ez betetzearen ondorioz". "Konpetentzia dagoenean, baina transferentziarik ez, bikoiztasuna gertatzen da", ondorioztatu dute.
Gobernu Kontseiluak "Euskal Autonomia Erkidegoko Erakundeen Funtzionamenduari eta Azterketari buruzko Txostena" onartu du, EAEko Administrazioetan bikoiztasunak aztertzen dituena.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, "euskal instituzioen arkitektura osatzen duen modeloaren balioa mantentzen du". Halere, koordinazioa hobetzeko 30 neurri "zehatz" bildu dituzte, "gainjartzeak eta gaindidurak" ekiditeko.
Administrazio zentralarekiko bikoiztasunak daudela antzeman dute dokumentuan, eta ekiditeko hiru neurri proposatu dituzte: Estatutuaren garapena amaitzea, Estatuko Administrazioaren zerbitzuak egokitzea eta "konpetentzia horizontalen erabilera gehiegizkoa berrikustea".
Erkorekak adierazi du Eusko Legebiltzarrean txostenaren berri emango duela, eta, bere iritziz, "abiapuntu bikaina" izan daiteke abiarazi den bikoiztasunen inguruko batzorde txostengilerako.