Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Gobernua PSNri ematearen alde dago Barkos, bozak aurreratzeko bada

Geroa Bairen diputatuak PSOEren "adierazpen irmoagoak" eskatu ditu, eta hauteskunde horietan Jimenezek irabaztea "zail" ikusten du, Barcinari babesa eman ziolako bere garaian.

Uxue Barkos Geroa Bairen diputatua. Argazkia: EiTB
Uxue Barkos Geroa Bairen diputatua.
Uxue Barkos Geroa Bairen diputatua. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Uxue Barkos Geroa Bairen diputatuak esan du Nafarroako klima politikoa "jasangaitza" dela. Horregatik, hauteskundeak aurreratzeko eskatu du, "gizarteak hitza hartzeko" garaia iritsi dela iritzita. Era berean, zentsura mozioa onartu ondoren Gobernua PSNri ematearen alde agertu da, baina hauteskundeak aurreratzeko helburu bakarrarekin.

Barkosek Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, Idoia Nieves Nafarroako Ogasuneko zuzendari ohiak Lourdes Goicoechea Ekonomia kontseilariaren kontra egindako akusazioen ostean, "klima instituzionala erabat apurtu da, nahiz eta lehen ere oso txarra izan".

"Azken bi urteotan ez dugu lasaitasunik izan Nafarroan, Gobernuak ez du nahikoa lasaitasunik izan lan egiteko. Barcinak bere eserlekuan jarraitzea erabaki du. Beraz, klima jasangaitza da eta, gure ustez, zentsura mozioaren arrazoi bakarra hauteskunde aurrerapena izango litzateke, gizarteak hitza har dezan", berretsi du.

Hori horrela, Barkosentzat "ikusteko" dago PSNk azken egunotan egin duen "aldaketak zer bide hartzen duen", Yolanda Barcinak 15 egunean dimisioa ematen ez badu edo hauteskundeak aurreratzen ez baditu zentsura mozioa aurkeztuko zutela iragarri ostean.

Horren harira, arreta PSNren eta Bilduren arteko balizko itun batean jartzea eta "UPNk, PPk eta hedabide batzuek hartu duten estrategia" salatu ditu Barkosek, "ustelkeria kasu baten aurrean gaude" eta.

"Egia da presioa norabide horretan egongo dela, PSOEren kontra, baina gogoratu behar da azken aldian UPNk eta Bilduk ere bat egin dutela Tafallan eta Oliten aurrekontuak ateratzeko, eta ez da ezer gertatu", adierazi du.

Hala, PSOEren barruan ere "oso adierazpen desberdinak" entzun dituela, baina "adierazpen irmoagoak" espero dituela azaldu du. "Eduardo Madinak argi esan zuen gobernuan aldaketa beharrezkoa dela, baina ez zuen zehaztu nola. Elena Valenciano beste bide batetik joan zen, baina inork ez du esaten zentsura mozio bat sinatzea gauza bat dela, eta mozio horrek lortzen dituen botoak, beste bat", gaineratu du.

Gainera, Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusiak presidente izateko "zailtasun handiak" izango lituzkeela uste du, "besteak beste, Yolanda Barcina presidente izan zedin aldeko botoa eman zuen alderdiko buruzagia delako, eta bere presidenteorde izan zelako urtebetez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Sozialista Albisteak Barcina Albisteak Geroa Bai Nafarroa gaur Uxue Barkos argazkiak