Politika -
ETA-ren desarmea
Horrela jarraitu ditugu iragarpenak sortutako erreakzioak
ETAk armak erabili ezinik uzteko prozesua hasi duela jakinarazi du ostiral honetan Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak. Erreakzioak bata bestearen atzetik etorri dira.
Erredakzioa
20:38. Manuel Vals Frantziako Barne ministroaren hitzetan, Frantziako Gobernua ez dago "inongo negoziaketa prozesutan" eta "Espainiako Gobernuaren jarrera eta iritzi bera" du gai honetan. Gaurko iragarpena kontuan hartzen dutela esan du, baina diskurtsoa aldatuko ez dutela erantsi du. "Espainiako Gobernuaren ondoan gaude", esan du. Iragarpen bakarra onartzen dutela ere gaineratu du: desegitearena, alegia. "Espainiako Gobernuaren prozesu bat da. Ez gaude bake prozesu batean, terrorismoaren aurkako borroka prozesu batean baizik", adierazi du Valsek.
19:22. Nazioarteko egiaztatzaileek Auzitegi Nazionaleko epailearen aurrean lekuko gisa deklaratzea bultzatuko duela iragarri du Fiskaltzak. ETAko kideak aurkitzeko egiaztatzaileek informazioa ematea eskatu du Covite terrorismoaren biktimen elkarteak.
19:04. Gaurkoa "albiste ona" dela uste du CCOO sindikatuak, baina "aldebakarreko desarme" baterantz abiatu behar duen prozesuan kokatu du, "ETA behin betiko desagertzeko".
18:57. Egiaztatzaileen iragarpena "positibotzat" jo du Josep Antoni Duran Lleida CiUko bozeramaileak, baina ETAren "behin betiko" pausoa ez dela ohartarazi du, arma guztiak entregatu ez dituelako.
18:43. "Pantomima" eta "sekula amaituko ez den filma" dela kritikatu du Daniel Portero Dignidad y Justicia elkarteko presidenteak.
18:36. ETAren erabakiaren balorazio "positiboa" egin du Cayo Lara Izquierda Unidako koordinatzaile federalak, baina keinu "eraginkorra baino, txikia" dela erantsi du. Arma guztiak entregatzeko eta "behin betiko desegitea" eskatu dio. Era berean, "urteetan egindako kaltea" onartu eta erreparatzeko eskatu dio.
17:50. Patxi Lopez PSEko idazkari nagusiak ETAren iragarpena “bide onetik doan keinua” dela adierazi du. “ETAren desagerpenarekin soilik konformatuko naiz”, gaineratu du.
17:38. Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak “fartsatzat” jo du ETAren iragarpena. Taldeak izan nahi duen “protagonismoa” deitoratu du, “demokraziak garaitu eta gero”.
17:21. EH Bilduk adierazi du ETAk gaur “beste aurrerapauso” bat eman duela baina, desarmea “behar bezala egitea” ezinezkoa dela esan du, orain arte, “Espainiako Gobernuak ez duelako eman dadin nahi, eta horretarako oztopo guztiak jartzen ari delako”.
17:20. Gerry Adms Sinn Feineko presidenteak ETAk hartutako “erabaki historikoa” txalotu du. Horrez gain, Espainiako eta Frantziako gobernuei pausoak emateko eskatu die.
17:19. Raul Arza UGT sindikatuko Euskadiko idazkariak adierazi duenez, “lehen pauso bat da ETAren erabateko armagabetzean”. “Iragarpenak, ordea, ez du espero zena bete”, esan du.
17:14. Lokarriren aburuz, “iragarpena ezinbesteko pauso positiboa da erabateko eta aldebakarreko armagabetzean”. “Armak indargabetzea pauso garrantzitsua da ETAk eta beste edozein taldek arma horiek berriz ere erabili ez ditzaten”, azpimarratu du.
16:53. Covite biktimen elkarteak adierazi duenez, “gaurkoa bezalako antzerkiek mesede gutxi egiten diete terrorismoaren biktimei eta gizarteari”. “ETArengandik espero dugun gauza bakarra taldearen baldintzarik gabeko desegitea da”, gaineratu du elkarteak.
16: 49. Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiaren hitzetan, ETAk armagabetzeko eman duen lehen urrats hau nazioarteko batzorde batek egiaztatzea "urrats handia" da eta pauso honek "prozesua blokeatzeko giltza kentzen dio Estatuari". Dena dela, oraindik, urrats asko falta direla esan du, hala nola, "presoen arazoa konpontzea" eta "euskal militantzia zigortzeko bidea uztea".
16:43. Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren esanetan, armagabetze prozesua osatzeko ezinbestekoa da Espainiako eta Frantziako gobernuek urratsak ematea. "Orain arte, su-etena eta ondorengo prozesua alde bakarreko pausoak izan dira, eta ETAk egin beharrekoa egin du eta egiten jarraitu beharko du. Baina, desarmea egiaztatzeko prozesua bere osotasunean gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da Espainiako eta Frantziako gobernuek urratsak ematea", esan du.
.16:30 Nuria Lopez de Guereñu Confebaskeko idazkari nagusiaren hitzetan, gaurko iragarpenak ez du asebetetzen gizartean sortutako itxaropena, baina ETAk emandako urratsa aurrerapausotzat jo du armagabetze osorako bidean.
16:20 Sortuk eta PSEk agerraldiak iragarri dituzte datozen minutuetarako. EAJk esan duenez, gaur ez du balorazio ofizialik egingo gai honen inguruan.
16: 18 Arantza Quirogak (PP) ETAren desegitea exijitu du, "antzezpenak alde batera utzita". "Gure bizitzetatik behin betiko desager dadila ETA", gaineratu du. Buruzagi popularraren hitzetan, "adar jotze hutsa" izan da egiaztatzaileen agerraldia. "Jakin badakigu ETAren amaieraren atarian gaudela, baina gaurkoak ez du ekarpenik egiten", esan du.
16:05. Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkidearen iritzian, gaur egiaztatzaileek iragarritakoa "fartsa hutsa, zirku mediatikoa" izan da. Honekin guztiarekin ETAk "zigorgabetasuna" lortu nahi duela esan du.
15:56 Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroak esan duenez, ETAren armagabetzeko bidean emandako edozein urrats "positiboa" den arren, ETAk ez ditu egiaztatzaileak behar armak entregatzeko, lan hori egiteko "Guardia Zibila eta Polizia" aski direlako.
15: 49 Angeles Pedraza AVT elkarteko presidenteak arma guztiak entregatzeko eta erakundea desegiteko eskatu dio ETAri. "Aski da hainbeste komunikatu eta hainbeste abisurekin", esan du pedrazak.
15:33. Urkullu: "ETAren desegitearen ibilbidean indarkeriak eragindako min bidegabea onartzea mugarri garrantzitsua da. Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari laguntzen".
15:32. Urkullu:"Egiaztatze Batzordearen bitartekotza fidagarria eta ziurra da ETAren armagabetzea lortzeko".
15: 31. Urkullu: "Jaurlaritzak pausoa aintzakotzat hartzen du. Pauso txikia da, ez nahikoa, baina lehena, ezinbesteko armagabetze osoa burutzeko".
15:00. Iñigo Urkullu lehendakaria 15:30ean agertuko da komunikabideen aurrean, nazioarteko egiaztatzaileen iragarpenaren inguruko iritzia ematera. eitb.com-ek zuzenean eskainiko du agerraldia.