Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Sortu: 'Adimena zorroztu eta beste bide batzuk aztertu behar ditugu'

Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearentzat “zaila” izango da bere lana egiten jarraitzea, erakunde “klandestino” baten modura hartzen duten bitartean, Sortuko presidentearen iritziz.

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordearentzat “zaila” izango da bere lana egiten jarraitzea, erakunde “klandestino” baten modura hartzen duten bitartean, gaur Hasier Arraiz Sortuko presidenteak azpimarratu duenez. Orain, Arraizen hitzetan, “adimena zorrozteko ordua” iritsi da, ETAren amaiera kudeatzeko “egon daitezkeen beste bide batzuk” aztertzeko helburuarekin.

Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Arraizek gogoratu du batzorde horretako kideek dagoeneko esan dutela lanean jarraitzeko “borondate bera” daukatela baina, Sortuko presidentearen iritziz, “baldintza hauetan lan hori egitea zaila” dela gaineratu du.

Arraizen iritziz, “sinesgaitza da” ETAk armak entregatu nahi izatea eta, bitartean, Espainia eta Frantziako Gobernuek desarme horren alde ezer ez egitea. Horren harian, “ibilbide orri bateratu bat” sortzea proposatu die jeltzaleei eta sozialistei.

Egiaztatzaileek Espainiako eta Frantziako Gobernuei zenbait “berme” eskatu zizkiotela gogoartu du Arraizek. “Eta Madrilek eman duen erantzuna zein izan den ikusi dugu asteburuan”.

Horregatik, ezker abertzaleak “beste behin bere” adimena zorroztu egin beharko duela adierazi du, “hartu daitezkeen beste bide batzuk aztertzeko”.

Arraizen ustez, prozesua “Euskal Herritik” gidatu beharko da etorkizunean, nahiz eta “alor tekniko batzuetan” (presoen egoera, desarmea...) “Estatuen inplikazioa nahitaezkoa izango den”.

”Euskal Herritik ahalik eta presio handiena egin behar dugu, euskal erakundeetatik eta nazioartetik ere, Espainiak eta Frantziak euren jarrera aldatu dezaten”, gaineratu du.

Lehendakaria egiaztatzaileekin egoteko Madrilera joan izana baloratu du Sortu presidenteak, eta Jaurlaritzari prozesuaren “lidergoa” hartzeko eskatu dio. “Iritsi da ibilbide orri bateratua egiteko ordua”, nabarmendu du.

Horren harian, gatazka “konpondu” nahi duten eragile guztiek “elkarlanean” aritu behar direla azpimarratu du, PSE-EE ere aipatuz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea