Politika -
Ostiralean, bilera
Euskal ikurren alde egitea planteatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak
Ostiralean EAJko ordezkariekin elkartuko dira Aldundiko arduradunak, "izan ere, sinbologia ere oso garrantzitsua da, eta elkarlana hasi nahi dugu, euskal ikurren alde eta inposizioaren aurka".
Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak euskal ikurren aldeko ekimena martxan jarri nahi du, eta horretarako, EAJ alderdiari "deialdi zuzena" egingo dio. Ildo horretan, Aldundiko ordezkariak alderdi jeltzalekoekin bilduko dira ostiralean, otsailaren 28an, ekimenak adostu nahian.
"Azken urteetan eta azken hilabeteetan euskal ikurren aurka izandako hainbat erabaki ikusita, eta duela gutxi Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Aldundian Espainiako bandera ohorezko lekuan jarri behar dela aginduz kaleratutako epaia dela eta, Aldundiak kezka azaldu du eta dinamika bat abiatu nahi du", adierazi du Larraitz Ugarte foru erakundeko bozeramaileak.
Bere hitzetan, oraindik ez dute ofizialki jaso EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpena, "baina argi dugu garrantzitsua dela erakundeek euskal ikurren defentsan jardutea eta inposizioari aurre egitea". Horregatik, "dei irekia" egin dio EAJri, "euskal ikurren aldeko dinamika bateratua hasteko".
Horretarako, ostiralean EAJko ordezkariekin elkartuko direla jakinarazi du, "eta proposamen hori egingo diogu, aliantzak sor ditzakegulako". "Izan ere, sinbologia ere oso garrantzitsua da, eta elkarlana hasi nahi dugu, euskal ikurren alde eta inposizioaren aurka", gaineratu du.