Politika -
Osoko bilkura
Bilbok alkate guztien argazkiak erakutsiko ditu 'testuingurua azalduz'
EH Bilduk frankismo garaiko koadroak kentzeko eskatu zion Udalari, baina Azkunak historia "errespetatzearen" alde egin zuen.
Erredakzioa
Bilboko Udalaren osoko bilkurak alkate guztien koadroak erakusteko toki zehatz bat jartzea eta argazkiak "testuingurua azalduz" erakustea erabaki du gaur, EAJren eta PSE-EEren botoekin.
EH Bilduk frankismo garaiko alkateen argazkiak kentzeko eskatu zion Udalari, eta koalizioak mozioa aurkeztu du gaur, osoko bilkurak bozka zezan. Hala ere, EH Bilduren mozioa bertan behera geratu da, EAJk eta PSE-EEk euren botoak batu eta beste ekimen bat onartzea lortu baitute.
Iñaki Azkuna alkateak esan zuen ez dituela koadro horiek kendu nahi, historia "errespetatzearen" alde dagoelako. Gaurkoa botazio nominala izan da.
Jeltzaleek eta sozialistek adostutakoaren arabera, Udaletxean alkate guztien erretratuak izango dira ikusgai, horretarako egokituko duten areto jakin batean, eta irudiak "testuingurua azalduz" erakutsiko dituzte. EH Bilduk eta PPk aurkako botoa eman dute.