Politika -
Eztabaida
Ika-mika izan da Legebiltzarrean, ustelkeriaren inguruko eztabaidan
Ustelkeriaren aurkako borroka indartzearen aldeko mozioa babestu dute Legebiltzarreko talde guztiek, EH Bildu izan ezik.
Erredakzioa
Ika-mika izan da gaur goizean Eusko Legebiltzarrean EH Bildu eta gainerako taldeen artean, ustelkeria politikoaren inguruko mozioaren eztabaidan. Ustelkeriagatik zigortutako kideak alderdi barruan mantentzea egotzi die koalizio abertzaleak gainerako taldeei eta hauek kritika gogorrak bota dizkiote EH Bilduri.
Ustelkeriaren aurkako borroka indartzearen aldeko mozioa babestu dute Legebiltzarreko talde guztiek, EH Bildu izan ezik.
Igor Lopez de Munain legebiltzarkideak esan du “euren ibilbideetan ustelkeria politikoa” jorratu duten alderdiekin ez dutela "ezer sinatuko". Gaur onartutako mozioaren antzerako ekimenek ez dutela ezertarako balio gaineratu du, alderdiek euren baitan ustelkeriagatik zigortutako kideak mantendu egiten dituztelako.
Une horretan, Iñigo Iturrate EAJko legebiltzarkideak EH Bilduko ordezkariari moztu egin dio. Lopez de Munainek salatu duenez, koalizio abertzalearen barruan “hiltzaileak” izatea egotzi dio jeltzaleak EH Bilduri. Batzordeko presidenteari Iturratek esandakoa aktan jasotzea eskatu dio EH Bilduko kideak.
Ana Otaduik (EAJ) ere bere “nekea” adierazi du eta EH Bilduri “demagogia” egitea leporatu dio. “Ustelkeriarik bortitzena” babestu duen alderditik ez dutela “zintzotasun leziorik” onartuko gaineratu du jeltzaleen ordezkariak.
Miren Gallastegui sozialistak ere EH Bilduren jarrera gogor kritikatu du. Koalizioko alderdi batzuetan “indarkeria delituengatik” zigortuak daudela azpimarratu du eta, horregatik, “demokrazia eta errespetuaren inguruko leziorik” ez emateko eskatu dio.
Nerea Llanos popularraren hitzetan, “mila hildakotik gorako iraganarekin” lotura izatea leportatu die EH Bilduren aurreko alderdi politikoei.
Azkenean, EAEko Fiskaltzari ustelkeriaren aurka lan egiteko bitarteko gehiago ematea eskatu dio batzordeak Espainiako Gobernuari.