Politika -

Erreakzioak

Foroa 'etsigarria' izan zen EAJren ustez, 'autokritika' faltagatik

Aitor Estebanen ustez, Bilbon ospatutako foro ekonomikoak PPren Gobernuak eta Europar Batasunak krisialdiaren aurka hartu duen politika "berresteko" balio izan du.

Aitor Esteban, EAJren bozeramailea Kongresuan. Argazkia: EFE
Aitor Esteban, EAJren bozeramailea Kongresuan. Argazkia: EFE
Esteban: 'Hitzaldi kritiko bakarra lehendakariarena izan zen'

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramailearen ustez, Bilbon egindako foro ekonomikoa "etsigarria" izan zen, ez baitzen "autokritikarik" izan eta PPren Gobernuak eta Europar Batasunak krisialdiaren aurka hartu duen politika "berresteko" balio du.

Esteban Radio Euskadin izan da eta azaldu du hizlari gehienak hitzaldietan "euren buruarekin nahiko adeitsuak" izan direla, Iñigo Urkullu lehendakaria izan ezik, eta ez direla sartu aztertzen besteak beste Nazioarteko Diru Funtsak hartu dituen neurrien ondorioak.

Bere ustez, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendariak zein enpresari handiek "Europak eta Mariano Rajoyren Gobernuaren 'troika'k ezarritako neurriak berretsi" zituzten.

"PPk azken urteotan jarraitu duen politika berretsi zuten", adierazi du EAJren bozeramaileak.

Bere ustez, datu makroekonomikoak hobera doaz, baina "enpleguari dagokionean" ez da hobekuntzarik espero.

Guggenheim museoaren foro ekonomikoa PPren "neurrira" egin zutela adierazi du eta alderdi horrek "sentsazioak saldu" nahi dituela.

"Jendeari esan behar diogu ekonomia ez dela momentuz deusezten jarraituko, baina momentuz ez dela efektu argirik ikusiko", adierazi du.

Estebanen ustez, kohesio sozialari eta enplegua sortzeari buruz hitz egin zuena Urkullu lehendakaria izan zen.

Istiluei dagokionean, EAJko buruzagiak "guztiok gaitzestea" eskatu du.

"Protesta egiteko modu asko daude, eta modu sendoan gainera, baina ez saltokiak apurtuz. Ez du inork ulertzen, ezta sindikatuek ere. Protesta egiteko modu hori ez da onargarria, 'troika' egon arren", azaldu du.

Estebanek aitortu du horrelako ekintzak munduko beste toki askotan gertatu direla, eta ez dela "Bilbok behar duen propaganda".

Inbertsioa Euskadin

Aitor Estebanek Ignacio Gonzalezi erantzun dio: Madrilgo Erkidegoko presidenteak Euskadik eta Nafarroak gainontzeko lurraldeek baino gehiago ematea eskatu zuen. Estatuak Euskadin egiten dituen inbertsioak "proportzionalki" beste lurraldeetan egiten dena baino gutxiago dela azaldu du Estebanek.

Radio Euskadin izandako elkarrizketa batean, adierazi du Euskadik Estatuari "zentzuz" ordaintzen diola eta, aldiz, honek ez duela bete ez diren konpetentzietan egindako inbertsioak itzultzen.

Gonzalezek esan du Euskadi eta Nafarroak -gainontzeko lurraldeek ez duten foruak dituztenak- beste erkidegoek baino gehiago eman beharko luketela. Bere kalkuluen arabera, 3.200 milioiko ekarpena egingo luke, herrialde "orekatuago" bat egiteko.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea