Politika -
Bake eta Elkarbizitza plana
Jaurlaritzak argitu gabeko atentatuen gaineko txosten bat eskatu du
Txostenaren bidez, talde terroristek egin eta "behar bezala ikertu ez diren" atentatuak zenbatu nahi dituzte, izandako prozesuak jarraitu eta egun zein egoeratan dauden jakiteko.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak txosten bat egiteko eskatu dio aditu talde bati, talde terroristek egin zituen eta oraindik argitu gabe dauden atentatuen egoera ezagutzeko.
Ikerketa honen helburua, Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Elkarbizitza Planaren baitan, biktimek "egia ezagutzeko eta justizia eta kalte-ordainak izateko" dituzten eskubideen alde egitea da, esan du Josu Erkoreka bozeramaileak.
Udazkenerako prest izatea aurreikusi du Jaurlaritzak, eta, horren bidez, talde terroristek egin eta "behar bezala ikertu ez diren" atentatuak zenbatu nahi dituzte, izandako prozesuak jarraitu eta egun zein egoeratan dauden jakiteko.
Txostenak, halaber, biktimek egia ezagutu eta justizia eta kalte-ordainak jasotzeko duten eskubideak bermatzeko erakundeek dituzten betebeharrak jasoko ditu.
Txosten hau egiteko erreferentzia-esparrua Nazio Batuen Biltzar Nagusiak 2005eko abenduaren 16an onartutako dokumentu hau da: "Giza eskubideen urraketen nazioarteko arauen ageriko urraketen eta nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa larrien biktimek errekurtsoak aurkezteko eta ordaina lortzeko duten eskubidearen gaineko oinarrizko printzipioak eta zuzentarauak". Halaber, pertsona adituen eta entzutetsuen talde batek egingo du dokumentua. Carlos Fonseca kazetaria arduratuko da txostena idazteaz eta koordinatzeaz; hiru lagun hauek osatutako aholku talde bat ere izango du: Enara Garro EHUko Zuzenbide Penaleko irakasleak eta kriminologian lizentziadunak, José Manuel Rodríguez Uribes Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendari nagusi ohi eta Madrilgo Carlos III. Unibertsitateko Oinarrizko Eskubideen Masterreko zuzendariak eta José Antonio Martín Pallin Auzitegi Goreneko fiskal eta magistratu emerituak.Iragana argitzea da Bake eta Bizikidetza Planaren hiru konpromiso handietan lehena, oharraren arabera. Eusko Jaurlaritzaren ustez, ez dago etorkizuna eraikitzerik iraganean ezer gertatu izan ez balitz bezala. Indarkeria eta giza eskubideen urraketak argitu behar dira, egia, justizia eta ordainerako printzipioak gauzatu ahal izateko.