Politika -

Krisi politikoa Nafarroan

PSNk zentsura-mozioarekin 'konpromiso argia' duela uste du Geroa Baik

"Nafarroako hauteskundeak aurreratzeko mekanismo politikoa bilatzeko, PSNren konpromiso irmoa azaldu die ordezkaritza sozialistak Geroa Bairi eta Ezkerrari", azaldu dute sozialistek agiri batean.

Manu Aierdi eta Patxi Leuza Geroa Baiko kideak. Argazkia: EFE
Manu Aierdi eta Patxi Leuza Geroa Baiko kideak. Argazkia: EFE
PSNk zentsura-mozioarekin 'konpromiso argia' du

1:03

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSNko zuzendaritzak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen aurkako zentsura-mozioa bultzatzeko "konpromiso argia" duela esan du Manu Aierdi Geroa Baiko bozeramaileak.

PSNko ordezkaritza Geroa Bairekin bildu da. Sozialistek bilera-sorta deitu dute Yolanda Barcina presidentea kargutik kendu eta hauteskundeak deitzera behartzeko, baina ez dute Bildurekin bilerarik egingo. Aierdiren esanetan, sozialisten zuzendaritza batzordeak ere uste du "egoera ezin daitekeela luzatu".

Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiak, Samuel Carok eta Pedro Rasconek ordezkaritza sozialista osatu dute bileran. Manu Aierdi eta Patxi Leuza Geroa Baiko parlamentariak izan dituzte mahaiaren beste aldean. Bilerak 45 minutuko iraupena izan du, eta Nafarroako Parlamentuan egin dute. PSN Ezkerrarekin ere bildu da.

"Arratsaldeko bileretan, Europako hauteskundeekin batera, maiatzaren 25ean, Nafarroako hauteskundeak egiteko mekanismo politikoa bilatzeko PSNren konpromiso irmoa azaldu die ordezkaritza sozialistak Geroa Bairi eta Ezkerrari", azaldu dute sozialistek agiri batean.

"Konpromiso argia"

"Zentsura-mozioarekin aurrera egiteko" PSNko zuzendaritzaren "konpromisoa argia" dela ziurtatu du Aierdik. "Sozialistak lanean gogor" ari direla adierazi du Geroa Baiko ordezkariak.

PSNko ordezkariak EFE

Roberto Jimenez, Samuel Caro eta Pedro Rascon ordezkari sozialistak. Argazkia: EFE

"Guk gure konpromisoa helarazi diegu, ezegonkortasun egoera hau 15 hilabete ezin daitekeelako luzatu, eta lanean jarraituko dugu", azaldu du Aierdik. Datozen egunak zentsura-mozioa aurkezteko "emankorrak" izatea espero du Geroa Baik.

Nafarroako Gobernua alda dezakeen testuinguruaren aurrean "baikor eta zuhur" agertu da Aierdi. "Egoera larria da eta maiatzaren 25ean hauteskundeak deitu behar dituzte, egoera 15 hilabete ezin daitekeelako luzatu. Hori beste guztiaren gainetik jarri behar da", erantsi du.

Ezkerraren hitzetan, maiatzaren 25ean, Nafarroan, hauteskundeak izateko borondate "irmo eta nabaria" agertu du PSNk, baina zentsura-mozioa aurkezteko zuzendaritza federalaren bermea beharko dutela erantsi dute sozialistek.

PSOE

Bestalde, Oscar Lopez PSOEko Antolakuntza idazkariak adierazi duenez, Barcinarekin ez da "ez orain ez inoiz" bilduko. "Berarentzako urtebeteko luzapena irabaztearen truke" Nafarroa "luzaroan aulkira ez zigortzeko" eskatu dio Lopezek Barcinari.

Barcinaren jarrera kritikatu du Lopezek agiri batean. "Erantzukizun eza" egotzi dio sozialistak. Barcina Nafarroako krisi instituzionalaren "arduradun bakarra" dela nabarmendu du PSOEko ordezkariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea