Politika -
'Airean' saioan
Amets Arzallus eta Iñaki Rekarte ETAko kide ohia, aurrez aurre
Rekartek bertso saioa antolatu zuen bere tabernan, Donezteben. Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariek ostatura joan behar ez zirela iragarri zuten bi egun lehenago.
Eriz Lotina | eitb.com
Iñaki Rekarte ETAko kide ohiak bertso saioa antolatu zuen Doneztebeko (Nafarroa) 'Ekaitza' ostatuan, bere ostatuan. Hirugarren pertsona baten bidez Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariekin harremanetan jarri zen, bertso saioa antolatzeko. Ekitaldia egin baino bi egun lehenago joan behar ez zutela jakinarazi zioten bi bertsolariek Rekarteri.
Langraitz bidean sartutako preso ohiak adierazpenak egin zituen El Pais egunkarian bere haserrea azaltzeko, eta horrek polemika piztu du. Arzallusek eta Maiak "damututako" preso baten tabernara joateari uko egin ziotela esan zuen Rekarten egunkari horretan. Era berean, ezker abertzalearen "presioak" salatu zituen ETAko kide ohiak.
ETB-1eko 'Airean' saioan aurrez aurrez izan dira Arzallus eta Rekarte, eta hitz egiteko aukera izan dute.
ETAko kide ohiaren hitzetan, "bi egun lehenago deia jaso nuen eta ez zetozela esan zidaten, hortik aurrera ez dakit". "Prentsan atera den guztia esan dut, ez da interpretazio arrarorik egon", erantsi du Rekartek.
Lehenago Erramun Martikorenarekin emanaldi bat antolatu zuela azaldu du Rekartek. Doneztebeko ostatuan era horretako ekitaldiak antolatu nahi dituela gaineratu du. Zentzu horretan, "txapela irabazi duen bertsolaria ekartzea garrantzitsua" zela goraipatu du.
Gertatutakoarekin "pena handia" daukala adierazi du Arzallusek, eta minduta agertu da. Bertsolaria "harrituta" azaldu da. "Horrela hitz egin beharra" deitoratu du.
Berak eta Maiak "leku batera edo bestera joateko arazorik" ez dutela argi utzi nahi izan du Arzallusek. Herrian "giroa arraroa" zela jakitera eman ziotela salatu du bertsolariak, eta "distantzia bat hartu" nahi zutela erantsi du.
"Guk kriston pena eta mina hartu genuen", errepikatu du. "Ez da batere bidezkoa gertatutakoa", esan du. Bestalde, aurrez aurre hitz egiteko gonbitea egin dio bertsolariak Rekarteri, "hirugarren pertsonarik gabe".
"Giro arrarorik ez" zegoela erantzun dio Rekartek. ETAko kide ohiaren ahotan, "jendea oso ilusionatuta zegoen". "Dena prest" zuela aurpegiratu dio Rekartek bertsolariari. "Zer sentitu behar dut nik?", galdetu dio. Bi bertsolarien "mespretxua" sentitu duela azaldu du. Hala ere, El Pais egunkarian gauza batzuk "haserre" esan zituela onartu du.
"Giro arraro hori, ez dakit zetaz ari haizen, badago jende bat ez dena etortzen ostatura, ez dut nahi ezta etortzerik ere", adierazi du Rekartek. Gaia "haratago eraman" behar ez dela erantsi du.
Rekarteren haserrea eta interpretazioak ulertzen dituela esan du Arzallusek, baina "atera denarekin kriston mina" dutela gogorarazi du. Jon Maiak "lanpostua kolokan" duela azpimarratu du.
"Putzu baten erdian" aurkitu direla argudiatu du Arzallusek. "Gauzak haratago" eraman behar ez direla esan du, ETAko kide ohiak bezalaxe, baina "zoritxarrez, batzuk eraman" dituztela erantzun dio. "Jon politikoki erabili dute", salatu du. "Jonen kontra bere ahotik atera ez diren gauzak erabiltzen ari dira", erantsi du.
Jon Maia bertsolaria Donostia Kultura Hiriburua 2016 taldeko kidea da. Maria Jesus Egido PSEko batzarkideak Ikerne Badiola Kultura diputatuari bertsolariaren jokabideari buruz galdetu zion Batzar Nagusietan, ostegunean.
Donostia Kultura Hiriburua 2016ko bulegoari "azalpenak" eskatu dizkiola esan zuen Cristina Uriarte Kultura sailburuak Eusko Legebiltzarrean, ostegunean. PPk eta PSEk bertsolaria kargutik kentzeko eskatu dute gaur Donostiako Udalean.