Politika -

Lurralde Batzordea

Arantza Quirogak barkamena eskatu die 'prozesuan mindu' direnei

Oyarzabalek, bestalde, esan duenez, gaur "pozik" dago "ez doalako inora", "Arantza Quirogak zuzendutako PPn" geratuko delako. Cospedalen hitzetan, bere alderdiak "zitalkeria" bat ekidin du Nafarroan

Quirogak barkamena eskatuz hasi du hitzaldia. Argazkia: EFE
Quirogak barkamena eskatuz hasi du hitzaldia. Argazkia: EFE
'Prozesu zail honetan sumindu direnei' barkamena eskatu die Quirogak

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Quiroga Euskadiko PPren presidenteak barkamena eskatu die Euskadiko Alderdi Popularraren 14. Lurralde Batzordea egin arte izandako "prozesu zail honetan sumindu" direnei eta "siglen irudia kaltetzeagatik". Quirogaren esanetan, Kursaalen bertaratutakoei eta aurretik alderdian izan zirenei esker "zentzua" hartu dute siglok, baina gehien bat "ETAk hildako kideei esker".

Horrela ekin dio Quirogak bere hautagaitza defendatzeko hitzaldiari, Euskadin alderdi horrek duen ordezkaritzan barne krisi bat sortu ondoren. Nerea Llanosek Iñaki Oyarzabalen kargua hartu duela jakin denean piztu da polemika.

"Nire hitzaldia barkamena eskatuz hasi nahi dut; lehenengo gaurko kongresura arteko prosezu honetan suminduta sentitu zaretenoi. Barkamena, gehien bat, Euskadiko PPk dituen siglen irudia kaltetzeagatik; guk, gure aurrekoek baina, bereziki, ETAk hildakoek eman zieten zentzua sigloi", gaineratu du.

Euskadiko PPren presidenteak jendaurrean eskatu nahi izan du barkamena, alderdi horren buru gisa, organizazioa "gu baino askoz garrantzitsuagoa delako".

"Pozik, Quirogaren gidaritzapean"

Iñaki Oyarzabal orain arte Euskadiko PPko idazkari nagusia izandakoak esan duenez, gaur "pozik" dago ez doalako "inora", baizik eta "hemen, Arantza Quirogak gidatutako PPn" geratuko dela.

Oyarzabalek Euskadiko PPren 14. Lurralde Batzordean egin ditu adierazpenok; halere, alderdian Oyarzabalek izandako ibilbidea zenbait momentutan omendu dute.

Iñaki Oyarzabalek "aitorpen, maitasunezko eta esker oneko" hitzez beteriko hitzaldi bat egin du, eta horren ostean besarkada bero bat eman dio Arantza Quirogari. Horrezkero, Quirogak negar egin du.

"Nafarroan zitalkeria sahiestu"

Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusiaren arabera, Bilduk Nafarroan "zitalkeria egitea" saihestu du PPk, "buruan boterea nola lortu baino ez dutenek" ezker abertzalearekin batera gobernatzeko asmoa baitzuten.

"Zein ondo PP hor egon dela zitalkeria hori saihesteko!", esan du Cospedalek, Yolanda Barcinaren kontra zentsura mozioa aurkeztu nahi zutenen porrotari erreferentzia eginda.

Euskadiko PP Donostiako Kursaalen egiten ari den kongresuan, idazkariak Enrique Martin de Marcos Nafarroako PPko presidentearen presentzia eskertu du. Jarraian, alderdian "hainbeste jende on, zintzo eta ausart" edukitzeaz arro agertu da. Horien artean Arantza Quiroga Euskadiko PPko presidentea eta Alfonso Alonso Kongresuko PPko bozeramaile eta Arabako PPko presidentea aipatu ditu, besteak beste.

Euskadiko Alderdi Popularraren 14. Lurralde Batzordeak bigarren eta azken eguna du gaur Donostiako Kursaalen. Arantza Quiroga aukeratuko dute, berriro, presidente kargurako.

Ramon Gomez  Donostiako Udaleko PPko zinegotziak eman dio hasiera goizeko saioari. Aurretik, Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia eta Quiroga Kursaalen bertan jarri duten erakusketara joan dira,  euskal popularren historia jasotzen duen erakusketa. Bi buruzagiak jaka morea jantzita dira gaur, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira.

Presidentea aukeratzeko bozketaren emaitza arratsaldean jakingo da, itxiera hitzaldiaren aurretik. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak egingo du azken hitzaldia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea