Politika -
Krisia Nafarroan
Jimenezek udazkenera atzeratu du PSN-n aldaketak egiteko aukera
Buruzagi sozialistak adierazi duenez, hauteskunde primarioak egingo dituzte. "Nafarroan aldaketa aurrerakoia lortzeko konpromisoa" berretsi du idazkari nagusiak.
Erredakzioa
Roberto Jimenez PSNren idazkari nagusiak gutuna igorri die afiliatuei "Nafarroan aldaketa aurrerakoia lortzeko konpromisoa" berresteko, eta "datozen hilabeteetan helburu hori lortzeko" lan egingo duela hitzeman du.
"Berretsi egiten dut nire konpromiso pertsonala eta PSNrena Nafarroan aldaketa aurrerakoia lortzeko", adierazi du Jimenezek gutunean.
"Gure proposamen aurrerakoia itxita, udazkenean hautagaiak aukeratzeko hauteskunde primarioak egingo ditugu".
Jimenezek "Nafarroako gizarte osoari azalpenak emateko beharra" sentitu du PSOEk zentsura mozioa aurkeztea galarazi ondoren.
PSNren idazkari nagusiak azpimarratu du "estatutuek aginduta" onartu behar izan zutela Ferrazen erabakia, baina berretsi egin du ez duela horrekin bat egiten, eta bere asmoa zentsura mozioa bultzatzea zela, "herritarrek hauteskundeetan iritzia eman zezaten".
Nafarroako sozialisten buruaren ustez "batasunerako unea da, baina baita barne eztabaidarako, kritika eraikitzailerako eta interes pertsonaletik harago alderdiaren onura lortzeko garaia ere, hori nafarren onerako izango baita".